Txakolina eta beroa, eguerdiko protagonistak

Julene Frantzesena 2022ko eka. 18a, 14:27

Getariako Txakolinaren Eguna egin dute 12:30etik 14:30era Perez Arregi plazatxoan. Herritar ugari izan dira han, 11 upategitako txakolinak dastatzen nahiz gazta eta oilasko pintxoak jaten. Beroa ez da etxean gelditzeko aitzakia izan.

Beroa ez ezik, txakolina ere protagonista izan da gaur Azpeitian. Izan ere, Getariako Txakolinaren Eguna egin dute eguerdi partean Perez Arregi plazan. 12:30erako agertu dira lehen herritarrak plazan jarri dituzten postuetara, eta pixkanaka, jendez bete da plaza. Beroa ez da izan, beraz, etxean gelditzeko aitzakia, nahiz eta plazako itzalguneak preziatuak izan diren herritarrentzat.

11 upategitako txakolinak dastatzeko aukera izan dute herritarrek, baita gazta eta oilasko pintxoak jatekoa ere. Zehazki, Agerre, Aitaren, Akarregi Txiki, Blai, Flysch, Hika, Mokoroa, Sagarmiña, Txomin Etxaniz, Ulacia eta Urkizahar txakolindegiek eraman dituzte beren edariak Perez Arregira. Gazta pintxoak, berriz, Azpeitiko Berastegi eta Premietxeberri baserrietako kideek prestatu dituzte, eta oilasko pintxoak banatzeaz Gaixo eta Elbarrien Aisialdi Taldeko kideak arduratu dira.

Dastaketa girotzeaz Haritz Garmendia eta Juan Ramon Azpitarte Imuntzo trikitilariak arduratu dira, eta bertsotan jardun dute Maddalen Arzallusek eta Andoni Egañak, Sebastian Lizasoren gidaritzapean.