Piano ikasleen doinuek argiztatu dute ostiral gaua

Julene Frantzesena 2022ko eka. 18a, 10:16

Argiztatutako Gauak egitasmoaren barruko lehen kontzertua eskaini zuten atzo Juan Antxieta musika eskolako piano ikasle hainbatek. Soreasu antzokiaren ondoko plazatxoan, agertoki berezi batean, izan zen emanaldia. Hurrengo hitzordua uztailaren 1erako jarri dute.

Juan Antxieta musika eskolako piano ikasleen emanaldia izan zen atzo Soreasu antzokiaren eta Dinamoa sormen gunearen ondoko plazatxoan. Argiztatutako Gauak egitasmoa jarri dute martxan musika eskolak, Azpeitiko Udalak eta Kulturaz kooperatibak, eta haren barruko lehen kontzertua izan zen atzokoa.

21:30ean hasita, eta hara joandako herritarren gozamenerako, hainbat lagunek askotariko piezak eskaini zituzten plazatxoaren erdian prestatutako agertoki berezian. Hain zuzen ere, kandela artean eta alfonbra gorri baten gainean zen pianoa jo zuten Yera Elorzak, Mireia Urbietak, Ninbe Urbietak, Maialen Oleak, Jone Odriozolak, Intza Osinaldek, Nahia Pinedak eta Naia Oleak.

Uztailaren 1erako jarri dute Argiztatutako Gauak egitasmoko bigarren hitzordua. Txistua eta arpa izango dira protagonista egun horretan, eta musika eskolako Enaitz Zubizarretak, Jone Odriozolak, Saioa Berezibarrek, Janitz Sorazuk, Jon Azpeitiak, Alain Sorazuk, Amets Sorazuk eta Maria Sorazuk parte hartuko dute. 21:30ean izango da kontzertua, Soreasuko plazatxoan.

(Argazkiak: Mireia Galarza)