Ekainaren 22an bukatuko da Euskaraldiko dinamizatzaile posturako deialdian izena emateko epea

Julene Frantzesena 2022ko eka. 17a, 12:47

Egitasmoaren dinamizaziorako pertsona bat kontratatuko dute Euskaltzaleen Topagunearen bidez. Lanaldi erdiko lanpostua izango da, irailaren 1ean hasita, lau hilabeteko kontratuduna. Lanposturako izena Lansarean webgunean edo mikel@topagunea.eus helbidera mezua idatzita eman beharko da.

Martxan da Azpeitiko Euskaraldia lantzeko dinamizatzailea kontratatzeko prozesua. Egitasmoaren dinamizaziorako pertsona bat kontratatuko dute Euskaltzaleen Topagunearen bidez, eta ekainaren 22a izango da eskaintza horretan izena emateko azken eguna. Lanaldi erdiko lanpostua izango da, irailaren 1ean hasita, lau hilabeteko kontratuduna.

Lanpostu hori betetzeko interesa duten herritarrek Lansarean webgunearen bidez edo posta elektronikoz bidali beharko dituzte curriculumak edo motibazio gutunak. Helbide elektronikoz egin nahi dutenek mikel@topagunea.eus helbidera bidali beharko dute curriculuma.

Lanpostu horrek honako zeregin hauek betetzea eskatuko du:

  • Herriko eragileei eta herritarrei Euskaraldia egitasmoaa aurkeztea (elkarteak, enpresak, norbanakoak…) eta horiei prestakuntza eskaintzea.
  • Euskaraldiko Batzordea ahalduntzeko eta indartzeko egitasmoak garatzea eta dinamizatzea.
  • Tokian tokiko komunikazio plangintza bideratzea eta ekimenak garatzea.
  • Entitateen lanketa planifikatzea eta garatzea.
  • Herritarrak ahobizi/belarriprest dinamikarako aktibatzea eta prestatzea.
  • Herritarren eta entitateen izen ematea antolatzea.
  • Balorazioa eta aurrera begirako urratsak adostea herriko euskaltzaleekin.
  • Egitasmoaren aurrekontua kudeatzea.
  • Antolatzaileen eta herriko boluntarioen lana koordinatzea. Koordinazio orokorreko mintegietan eta bileretan parte hartzea eta ekimen orokorreko sustatzaileekin koordinatuta egotea.

Baldintza jakin batzuk ere bete beharko dituzte lanposturako izena ematen dutenek. Hain zuzen, honako hauek izango dira lanposturako bete beharreko baldintzak:

  • Euskara maila egokia izatea (idatziz zein ahoz).
  • Azpeitia ondo ezagutzea.
  • Euskaltzalea izatea eta euskalgintzaren ezagutza izatea.
  • Jendaurrean eta jendearekin harremanetarako gaitasuna izatea.
  • Eragiletzarako gaitasuna izatea (egitasmoa herrian zabaltzeko eta jendea egitasmora erakartzeko abilezia izatea).
  • Kudeaketarako gaitasuna izatea.
  • Komunikazio alorreko ezagutza izatea baloratuko da (sare sozialak, bideoen sorrera, webguneen kudeaketa, diseinua, ofimatika…).
  • Lanerako autonomia maila altua izatea ezinbestekoa da.
  • Ordutegi malgutasuna izatea ezinbestekoa da.
  • Gidabaimena eta autoa izatea.