Izarraizko saguzarrei so

Gipuzkoako Hitza - Anartz Izagirre 2022ko eka. 17a, 12:20
Alain Sorazu idazlea, 'Xaguxatar bidea' liburuan eskuetan duela, Azpeitiko Azoka plazako panelaren ondoan (Anartz Izagirre)

Alain Sorazu azpeitiarrak Xaguxatar bidea liburua eta animaziozko bi bideo kaleratu ditu. Liburuan, Azpeitiko ondare historikoa, kulturala eta naturala jaso ditu, eta izen bereko ibilbidea izan du oinarri lan hori ontzeko. Gipuzkoako Hitza-rako Xaguxatar bidearen kronika egin du Anartz Izagirre kazetariak.

Behinola dinosauroen parkea zen lekuan dagoeneko ez da gelditzen horien aztarnarik ere; izan ere, orain saguzarren topaleku bilakatu da Azpeitiko Ekoetxeko ataria. Izarraitz mendigunea Kontserbazio Bereziko Eremu (KBE) izendatu zuten 2013. urtean, eta, adituen arabera, egun lau saguzar espezie bizi dira inguru horretan. Ugaztun hegalari horien bizi ohiturak gehiago ezagutzeko helburuarekin sortu zuten Xaguxatar parkea, 2016an, eta, jolasen bitartez Auri maskotak gidatuta, animalia horien gainean gehiago jakiteko aukera dago.

Are gehiago, Azpeitiko Udalak Xaguxatar bidea inauguratu zuen duela urte batzuk, historian gizakiak naturarekin izan duen lotura bertatik bertara ezagutarazteko; sei geldiune, 6,5 kilometro eta bi orduko ibilbidea dituen txangoa da, eta, geltoki horietako paneletan ezarritako informazioa oinarri hartuta, Xaguxatar bidea deituriko zazpi ataleko liburua kaleratu du orain Alain Sorazu azpeitiarrak (1997) —baita animaziozko bi bideo ere—. Hark atal bakoitzean xehe azaltzen ditu ibilbidean jaso dituen ezagutzak, testuen eta ilustrazioen bitartez.

Ekoetxea

Xaguxatarren topagunea

Ekoetxean hasten da Xaguxatar bidea. Bost gunez osatuta dago: enbor bertikalen baratzea, labirintoa, xaguxatar horma, intsektuen hotela eta egongune alternatiboa. Sorazuk dio "saguzarren garrantzia" azaltzen dela parkeko panelean, eta berak ere hori irudikatu nahi izan duela liburuan eta bi animazio bideoetan: "Beldurrezko istorioekin lotu izan dira saguzarrak, baina benetan ez dugu ezagutzen horiek nolakoak diren. Jolasen bidez parkean ondo azaltzen da haien bizimodua nolakoa den, nola komunikatzen diren…". Liburuan ere ugaztun hegalari horien inguruko ñabardurak sakonago helarazi ditu Sorazuk; besteak beste, horien onurak azaltzen ditu lanaren lehen atalean.

Loiola

Zuhaitzen eragina

Ekoetxetik abiatu eta berehala daude Loiolako zelaiak. Basilikari begira parez pare jarrita, dozenaka zuhaitz ikus daitezke ezkerrean zein eskuinean, eta, zuhaitz horien nolakotasuna ez ezik, bertako zein kanpoko zuhaitzen onurak zein kalteak plazaratu ditu Sorazuk liburuan. "Azaldu dut zuhaitz zaharrak edukitzeak ingurunean zer garrantzi duen, eta horiek zer onura eskaintzen dizkieten inguruneari eta bertako bizidunei". Hori abiapuntutzat hartuta, Azpeitia inguruan topa daitezkeen baso motak izan ditu hizpide Sorazuk liburuan, eta gizakiak egindako zuhaitz landaketen eraginak zein horiek betetzen dituzten funtzioak ere nabarmendu ditu azpeitiarrak lanean: "Zuhaitz landaketen onurak eta kalteak, bi alderdiak aztertu nahi izan ditut".

Izarraizko Atea

Klimak baldintzatuta

Loiola aldetik herrigunera jarraituta, hiribidearen alde batean gelditzen da Izarraizko Atea parkea, ibilbideko hurrengo geldiunea eta liburuaren hirugarren atalari izena ematen diona, hain zuzen ere. Atal horretan, bereziki klimaz hitz egiten du azpeitiarrak. "Batetik, nekazaritza landu dut, baita intsektu polinizatzaileek zenbait produktu eskuratzerakoan zer-nolako garrantzia duten azaldu ere". Gai horretatik abiatuta, landareen bizi zikloan egin du azpimarra Sorazuk, eta ziklo horretan klimak duen eragina ere azaldu du. "Klimak zehaztuko luke leku batean topa dezakegun landaredia. Horrez gain, klimak nekazaritzan duen eragina ere azaldu dut Xaguxatar bidea liburuan. Izan ere, gaur egun zenbait produktu edozein garaitan lor ditzakegu, baina hori ez litzateke landareen egoera naturala. Horren guztiaren atzean zer dagoen eta klimak horretan zer-nolako eragina duen azaltzen saiatu naiz".

Irakurri Xaguxatar bidearen kronika osorik, Gipuzkoako Hitza-ren webgunean.