Espabilau Eguna ospatuko dute bihar Lasaon

Anartz Izagirre 2022ko eka. 17a, 11:08
2019ko Lasaoko Espabilau Eguneko irudi bat.

Egun osoko egitaraua antolatu dute Lasaoko auzotarrek Espabilau Egunerako, eta herri kirolak izango dira goizean goizetik frontoian. Arratsaldean ere izango da zertaz gozatua auzoan.

Bi urteko etenaren ostean, bueltan da Lasaon ospatzen duten Espabilau Eguna ere. Bihar, zapatua, jai giroa izango da nagusi auzoan, eta egun osoko egitaraua antolatu dute auzotarrek. Goizean goiz, 10:00etan hasita, herri kirolak izango dira frontoian. Hainbat lan gauzatu beharko dituzte partaideek: palak, lokotx biltzea, botilak urez betetzea, zaku lasterketa, orga lasterketa, trontza eta sokatira.

Horren ostean, berriz, euskal dantzen ikastaroa eskainiko dute frontoian 12:30ean hasita, eta, ondoren, mokadutxoa egingo dute. 14:00etan, berriz, bazkaria egingo dute elkartean. Arratsaldean ere izango da zertaz gozatua Lasaon; izan ere, 16:30etik 19:30era bitartean haur eta gaztetxoentzako jolasak izango dira parkean, eta Lasaon zurekin bat! deituriko galdera-jokoa ere egingo dute.

Hona hemen egitaraua osorik:

  • 10.00. Herri kirolak frontoian: palak, lokotx biltzea, botilak urez betetzea, zaku lasterketa, karretilla lasterketa, trontza eta sokatira.
  • 12:30. Euskal dantza ikastaroa frontoian. Tartean, mokadutxoa.
  • 14:00. Bazkaria frontoian.
  • 16:30-19:30. Haur eta gaztetxoentzako jolasak parkean. Galdera jokoa elkartean Lasaon zurekin bat!.