Orkatz elkartearen 29. urteurrena trikiti giroan ospatu dute

Andoni Elduaien 2022ko eka. 17a, 10:24

Gaur, bertso saioa egingo dute Orkatzen. Bihar egingo dituzte urteurrena ospatzeko azken ekintzak; pala txapelketako finalak jokatuko dituzte lehenik, bazkaria egingo dute gero eta kontzertuekin itxiko dute eguna.

Orkatz kultur elkarteak 29 urte beteko ditu aurten, eta asteazkenaz geroztik urtemuga ospatzen ari dira. Atzo, osteguna, triki poteoa egin zuten lehenik, eta ondoren, trikiti jaialdia. Hainbat trikitilari aritu ziren giroa alaitzen.

Gaur, ostirala, jarraituko dute urteurrena ospatzen; izan ere, bertso saioa izango da Orkatz tabernan, 22:00etan hasita. Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Andoni Egaña eta Maddalen Arzallus bertsolariak igoko dira tabernako oholtza gainera.

Bihar egingo dituzte urteurreneko azken ekintzak, eta horretarako, egun osoko egitaraua prestatu dute. 11:00etan, pala txapelketaren finalak jokatuko dituzte Frontoi Txiki pilotalekuan. 14:00etan, berriz, bazkaria egingo dute Sanagustin kulturgunean, eta gauean, Leherkaitz eta Selektah Stepi taldeen kontzertuak izango dira Orkatzen. 22:30ean hasiko da bi taldeen emanaldia.