Baratze ekologiko publikoen erabiltzaileak kontratua sinatzera deitu ditu udalak

Mailo Oiarzabal 2022ko eka. 16a, 13:48
Otzakako baratze parkea.

Izarraizpeko eta Otzakako baratze parkeetan lursaila laga zaien herritar guztiek sinatu behar dituzte kontratu berriak, azken zozketan baratzea lortu zutenek zein aurretik baratzea erabiltzen zutenek. Udaletxeko Hirigintza saileko bulegoetara joan behar dira guztiak, bihartik datorren asteazkena bitartean.

Izarraizpeko eta Otzakako baratze ekologiko publikoen parkeetako erabiltzaile guztiek kontratu berriak sinatu beharko dituzte datozen egunetan. Joan den maiatzaren 25eko azken zozketan baratzeak tokatu zitzaizkien herritarrak lehen kontratua sinatzera ez ezik, aipatutako parkeetan lehendik lursailak erabiltzen dituztenak ere deitu ditu udalak kontratuak berritzeko.

Bihartik datorren asteazkenera arte, ekainaren 22ra arte, 09:30etik 12:30era joan daitezke udaletxera baratze ekologikoetako erabiltzaileak. Hirigintza saileko bulegoetan (udaletxeko hirugarren solairuan) sinatuko dituzte kontratuak. Kontratua sinatzearekin bat, baratzeetako erabiltzaile berriek beren lursaileko giltzak jasoko dituzte udaletxean.