Urola ibaia garbitzen aritu dira herriko hainbat ikasle

Julene Frantzesena 2022ko eka. 16a, 13:05

Herriko hiru ikastetxeek eta udalak hainbat ekintza antolatu dituzte egunotarako, eta gaur Urola ibaia garbitzen aritu dira ehun ikasletik gora.

Ikasturte bukaera dela eta, herriko hiru ikastetxeek eta udalak hainbat ekintza antolatu dituzte egunotarako DHBko ikasleentzat, eta gaur Urola ibaia garbitzen aritu dira ehun ikasletik gora. Goizean, Urola Bizirikeko kideen eskutik bideo emanaldia izan dute Sanagustin kulturgunean, eta ondoren, materiala banatuta, ekin diote garbiketa lanari.

Ikasberrikoak Loiolatik igerikeluetara bitarteko ibai zatian aritu dira; Urolakoak Ibaieder garbitzen ibili dira, zezen plaza inguruan; eta Iraurgikoek Perez Arregi ingurutik beherako zatian egin dute lan. Garbiketa saioak bukatu ondoren, ikastetxe bakoitzak hamaiketakoa eskaini die beren ikasleei.