Irudien bitartez ezagutzea

'Berria' egunkaria 2022ko eka. 16a, 12:04
Auzo lapurraren istorioa, Arabieratik. (Sabrina Romero)

Munduko hamar kontakizun euskaratu eta ilustratu ditu Azpeitiko Kulturaz kooperatibak, Gure Marrak proiektuan. Herrialde horietatik etorritakoek lagundu diete prozesuan irudigileei. Proiektuaz erreportajea egin du Berria egunkariko Amaia Igartua kazetariak, Bizigiro sailerako.

Ene herriko hizkuntza proletarioan/ berez mintzo naiz, nahi dudalako/ gustuko, gogoko, begiko dudalako;/ barren-barrenetik ateratzen zaidalako». Hala dio Celso Emilio Ferreiro poeta galegoak Itsasoaren aurrean etzanik olerkian, eta, ondoren, aletu egiten du nori ez zaion mintzo: harroputzei, boteretsuei eta handinahiei, besteak beste. Baina gero eta gehiagori hitz egiten die; jada, baita euskaldunei ere, Azpeitiko (Gipuzkoa) Kulturaz Kooperatibak kudeatutako Dinamoa Sormen guneko Gure Marrak proiektuari esker. Munduko hamar ipuin euskaratu eta ilustratu dituzte, bakoitzarekin liburuxka bat egin, eta kutxa batean argitaratu dute sorta.

Proiektuaren oinarria Gure Mintzak izeneko egitasmoa da. Kulturazen bazegoen interesa munduko kontakizunak bildu eta ipuin liburu ilustratua sortzeko, baina bazegoen, era berean, zalantza bat, Xabier Gantzarain Kulturazeko kideak gogoratu duenez. "Zenbat hizkuntza hitz egiten dira gure herrian?". Duda argitu zuten lehenik eta behin: Azpeitian 50 mintzaira baino gehiago erabiltzen dira, hain justu. Horiei toki bat eskaini behar zietela deliberatu zuten, hizkuntzon funts edo artxibo bat osatuta, eta hiztunen esperientziak bideoz jasotzen hasi ziren: hizkuntzarekin lotutako bizipenez gain, migrazio prozesuarekikoak ere galdetu zizkieten, jakiteko, besteak beste, nola heldu ziren Euskal Herrira, eta zer moduz sentitzen ziren Azpeitian.

"Baina ikusi genuen Gure Mintzak proiektuak har zitzakeela forma ugari", Gantzarainen arabera. Bideoetarako, hiztunei eskatu zieten beren kulturako testuren bat partekatzea, izan kondaira bat, izan poema bat, izan kantu bat. Eta iruditu zitzaien moldeok bide ematen zutela beste lanketa baterako. "Lehen bulkada izan zen kontakizun horiek merezi zutela beste leku bat izatea, iruditzen zitzaigulako beharbada bideoetan galdu egiten zirela, testigantza baten parte balira bezala ulertzen zirela".

Horiei autonomia eta ikusgaitasuna emateko abiatu zuten Gure Marrak. Kontakizunetako hamar hautatu zituzten, hamar hizkuntza ezberdinetakoak, eta bederatzi euskal irudigileri egokitu zitzaien haiek ilustratzea. Lantegi formatuan antolatu zuten: 2020an, Dinamoan bildu ziren marrazkilariak sei astez –erdian beste bi izan zituzten marrazkiak euren kabuz lantzeko–, eta han egon ziren istorioak eraman zizkietenak ere. Hori horrela, sortzaileek aukera izan zuten ipuinen testuingurua eta garrantzia ezagutzeko. 

Jarraitu erreportajea irakurtzen, Berria.eus-en.