Uztailean ekingo diote zezenketetako abonuak berritzeari eta sarrerak saltzeari

Julene Frantzesena 2022ko eka. 16a, 10:28
2019ko zezenketetako irudia.

Azpeitiko Zezenzale Batzordeak uztailaren 1etik 16ra eskainiko du abonuak berritzeko edo abonu berriak egiteko aukera. Sarrerak, berriz, uztailaren 18tik aurrera eskuratu ahal izango dira zezen plazako lehiatilan nahiz Interneten.

Aurtengo saninazioekin zezenketak itzuliko dira Azpeitira, eta haietan ariko diren ganadutegien eta toreatzaileen izenak jakinarazita nahiz aurkezpena eginda, uztailarekin ekingo dio Azpeitiko Zezenzale Batzordeak abonuak berritzeari eta sarrerak saltzeari.

Uztailaren 30ean, 31n eta abuztuaren 1ean izango diren zezenketetarako –desenkajonamentua uztailaren 27an izango da– abonuak berritzeko nahiz abonu berriak egiteko epea uztailaren 1etik 16ra izango dute herritarrek. Azpeitiko zezen plazako leihatilan izango da horretarako aukera: astegunetan, 18:00etatik 20:00etara; festa egun bezperetan eta larunbatetan, 11:00etatik 13:00etara. Uztailaren 16ko 13:00etarako abonuak jaso ez dituztenek horiek eskuratzeko eskubidea galduko dute.

Gainerako sarrerak uztailaren 18tik aurrera jarriko dituzte salgai, zezen plazako leihatilan nahiz Interneten. Online erosteko aukera izango da Torosdeazpeitia.com nahiz Servitoro.com webguneetan. Zezen plazako leihatilan, berriz, honako ordutegi honetan eskuratu ahal izango dira sarrerak: astegunetan, 18:00etatik 20:00etara; jaiegun bezperetan eta zapatuetan, 11:00etatik 13:00etara. Gainera, zezenketa bakoitzaren egunean 11:00etatik 13:00etara irekiko dute leihatila, eta 16:00etatik aurrera arratsalde horretako ekitaldirako sarrerak soilik izango dira eskuragai.