Soreasu antzokiaren ondoko plazan bi kontzertu izango dira Argiztatutako Gauak egitasmoaren barruan

Julene Frantzesena 2022ko eka. 15a, 10:28
Soreasu antzokiaren eta Dinamoa sormen gunearen ondoko plazatxoa.

Juan Antxieta musika eskolako ikasketak bukatzear diren ikasleek eskainiko dituzte bi emanaldiak. Lehena ostiral honetan izango da, eta bigarrena, uztailaren 1ean. Pianoa nahiz txistua eta arpa izango dira emanaldi horietako protagonistak. 21:30ean izango dira bi saioak, Soreasu antzokiaren eta Dinamoa sormen gunearen ondoko plazatxoan.

Argiztatutako Gauak izeneko egitasmoa jarri dute martxan Juan Antxieta musika eskolak, Azpeitiko Udalak eta Kulturaz kooperatibak, eta datozen asteetan bi kontzertu izango dira Soreasu antzokiaren eta Dinamoa sormen gunearen ondoko plazatxoan. Hain zuzen ere, hamabost musikari gaztek parte hartuko dute ostiralean, ekainaren 17an, eta uztailaren 1ean izango diren kontzertuetan. Bi emanaldiak 21:30ean hasiko dira, eta Mireia Galarzak egingo ditu aurkezle lanak.

Juan Antxieta musika eskolako ikasketak bukatzear diren ikasleak izango dira bi saioetako protagonista. Lehen emanaldian pianoa izango da nagusi; izan ere, Yera Elorzak eta Miren Urbietak, Ninbe Urbietak eta Maialen Oleak, Jone Odriozolak eta Intza Osinaldek nahiz Nahia Pinedak eta Naia Oleak bi, lau eta sei eskutara joko dituzte piezak. Uztailaren 1eko emanaldian, berriz, txistua eta arpa izango dira lehen lerroan. Enaitz Zubizarretak eta Jone Odriozolak, Saioa Berezibarrek eta Janitz Sorazuk, Jon Azpeitiak eta Alain Sorazuk nahiz Amets Sorazuk eta Maria Sorazuk parte hartuko dute emanaldi horretan.