Harrera beroa egin diote Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduaren I. Bizikleta Martxari

Mailo Oiarzabal 2022ko eka. 13a, 20:14

Donostia eta Azpeitia artean osatu dute pentsiodunek 1.080 euroko gutxieneko pentsioak, zerbitzu publikoen defentsa eta zaintza lan partekatuen aitortza aldarrikatzeko abiatu duten egitasmoaren lehen etapa. Azpeitiko Pentsiodunen Plataformakoek ez ezik, herriko beste zenbait eragilek ere egin diete ongietorria kalez kaleko ibilian eta plazako ekitaldian. Bihar, Azpeititik Ondarroara joango da pentsiodunen bizikleta martxa.

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduaren I. Bizikleta Martxa gaur hasi da Donostian, eta Azpeitian bukatu da hamahiru egunez Euskal Herri osoan herriz herri ibiliko den egitasmoaren lehen etapa.

Azpeitian harrera beroa egin diete Donostian abiatu eta egun osoan errepidean eta herriz herri ibili direnei. Azpeitiko Pentsiodunen Plataformakoek ez ezik, herriko beste zenbait eragilek ere egin diete ongietorria kalez kaleko ibilian eta plazako ekitaldian. Madalenatik sartu dira Azpeitian bizikleta martxakoak, eta besteak beste, Lagun Onak BTTkoak zituzten zain. Erdikalean gora herriko hainbat kale zeharkatu ondoren, Artzubian bizikletetatik jaitsi eta zubian zain zituzten dozenaka lagunekin oinez egin dute handik plazarainoko bidea. Kalejira alaian zabaldu dituzte beren aldarriak pentsiodunek, Juan Antxieta musika eskolako trikitilariak eta pandero jotzaileak aurrean zituztela.

Plazan, Nagore Alkorta alkateak hitzartze labur batekin eskertu die ahalegina bizikleta martxako kideei eta pentsiodun guztiei; eta gauza bera egin dute, bertsotan, Joxe Luis Gorrotxategi eta Imanol Lazkano bertsolariek. Patxi Altzibarrek hartu du hitza ondoren, Azpeitiko Pentsiodunen Plataformaren izenean; Donostiatik etorri direnei eskerrak eman eta txalotzeaz gain, Azpeitiko pentsiodunen aspaldiko hilabete eta urteetako eskariak berritu ditu, bizikleta martxaren aldarri nagusiekin bate egiten dutenak: 1.080 euroko gutxieneko pentsioak, zerbitzu publikoen defentsa eta zaintza lan partekatuen aitortza dira, hain zuzen ere, pentsiodunen aldarri nagusiak.

Bihar, bigarren etapan, Azpeitia eta Ondarroa lotuko ditu Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduaren I. Bizikleta Martxak.