Urrestillako sanjoanak 2022

Egitarau oparoarekin iritsiko dira sanjoanak Urrestillara

Julene Frantzesena 2022ko eka. 15a, 09:11
Iazko San Joan bezperako suaren irudia.

Ostiraletik igandera egingo dituzte festetako lehen ekintzak: pilota partidak, krosa, Bentazaharreko Mutiko Alaien emanaldia nahiz Jubilatuen Eguna izango dira. Jaiak, baina, San Joan bezperan hasiko dira ofizialki, eta lau egunez ekitaldi andana izango da.

Sanjuandegiko festak eta Nuarbeko trinitateak pasatuta, San Joan jaietan murgiltzeko prest dira Urrestillako bizilagunak. Urrestillako Festa Batzordeak egitarau oparoa prestatu du hilaren 17tik 26ra bitarterako. Asteburu honetan izango dira aurtengo festetako lehen ekintzak. Hain zuzen ere, ostiralean pilotari profesionalen partidak izango dira Txikuri frontoian, zapatuan herri krosa eta Bentazaharreko Mutiko Alaien emanaldia, eta igandean, berriz, Jubilatuen Eguna ospatuko dute.

Lehen asteburua igarota, sanjoanetan murgilduko da Urrestilla. Izan ere, hain entzutetsua den San Joan zuhaitza San Joan bezperako gauerdian sartuko dute, eta lau egunez jai giroa izango da nagusi. Besteak beste, herri afaria, kontzertuak, kalejira, magia emanaldia, gazte afaria, sagardo dastaketa, mus txapelketa, trikipoteoa, umeentzako jolasak, patata tortilla lehiaketa eta areto dantzen emanaldia izango dira.

Otorduetarako sarrerak, salgai

Ohiko moduan, hainbat otordu izango dira Urrestillako sanjoanetan. Herri afaria izango da San Joan bezperan, eta hara joan nahi dutenek Bixker jatetxean eta Mara-Mara kafetegian erosi ahal izango dituzte sarrerak, ekainaren 18a bitartean, 30 euroren trukean. Umeek ere izango dute otordu horretara joateko aukera, hamar eurotan txartelak erosita.

San Joan egunez izango da Gazte Afaria, eta harako sarrerak ere salgai daude dagoeneko: Bixker, Mara-Mara, Orkatz eta Urola Expressen eros daitezke, hamabost eurotan, eta ekainaren 20a izango da horiek eskuratzeko azken eguna. Bestalde, ekainaren 25eko sagardo dastaketarako txartelak 35 eurotan daude salgai Bixker jatetxean –ekainaren 23a izango da horiek erosteko azken eguna–.

Pilota jaialdian aldaketak

Bihar gauean Txikuri pilotalekuan egingo den esku pilotako jaialdian iragarritakoaren gainean aldaketak egin behar izan dituzte antolatzaileek. Izan ere, Jokin Altunak atzeratu egin du eskuan ebakuntza egin ondorengo berragerpena. Horrenbestez, Urrestillan jokatzekoa zen lau eta erdiko San Fermin Txapelketaren partidarik ez da izango, eta binakako bi partidak osatuko dute jaialdia.

22:00etan hasiko da jaialdia, eta lehen partidan Egigurenek eta Tolosak Elordiren eta Bikuñaren kontra jokatuko dute. Partida nagusian, berriz, Irribarriak eta Zabaletak Ezkurdiarekin eta Martijarekin neurtuko dituzte indarrak.

Egitaraua

Ostirala, hilak 17

22:00. Esku pilotari profesionalen partidak Txikuri frontoian.

Zapatua, hilak 18

16:30. XVIII. San Juan Herri Krosa.

19:30. Bentazaharreko Mutiko Alaiak.

Igandea, hilak 19, Jubilatuen Eguna

13:00. Hamaiketakoa.

14:00. Bazkaria.

Bazkalondoren, bingoa.

Ekainak 23, San Joan bezpera

18:00. Lore sorta tailerra.

21:00. Pregoia eta festen hasierako suziria.

Ondoren, herri afaria.

00:00. San Joan zuhaitza sartzea.

00:30. San Joan sua piztu eta haren bueltan dantzaldia egingo dute.

Ondoren, Laket taldearekin erromeria.

Ekainak 24, San Joan eguna

09:00. Diana, herriko txistulariekin eta trikitilariekin.

11:45. Azpeitiko Udal Musika Bandaren kalejira.

13:00. Buruhandiak.

17:30. Iago Magoren emanaldia.

21:00. Gazte afaria.

22:15. Kontzertuak: No Place, Fan&Go eta BassAgain.

Ekainak 25, San Joan Txiki

12:30. Sagardo dastaketa eta bazkaria.

14:00-14:45. Mus txapelketarako izen ematea.

15:15. Mus txapelketa.

16:00. Puzgarriak.

17:30. Merienda.

19:00. Trikipoteoa.

21:00. Luntxa.

22:15. Kontzertuak: Displasy, Zopilotes Txirriaos eta Erroka.

Ekainak 26, San Joan hirugarrena

17:00. Umeentzako jolasak.

18:30. Patata tortilla lehiaketa.

19:00. Areto dantzak, AGL eskolakoen eskutik.

20:30. Afari merienda.

Ondoren, zuhaitzaren entierroa.