Ikasturtea festa batekin amaituko dute ostiralean Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaraiko kideek

Anartz Izagirre 2022ko eka. 13a, 10:12
Karmelo Etxegaraiko ikasleen 2019ko jaialdiko irudi bat.

Aurten, berrikuntza moduan, festa egingo dute Perdillegiko eta Urola Ikastola BHIko instalazioetan. Ostiralean, hilak 17, 17:00etatik aurrera izango da festa, eta hainbat ekintza izango dira denen gozamenerako.

Gainontzeko ikastetxeetan bezala, Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarain ere ikasturte amaiera prestatzen ari dira, eta aurten, gainera, ezohiko moduan ospatuko dute klaseen bukaera. Azken urteetan Haur Hezkuntzako zein Lehen Hezkuntzako ikasleek jaialdia egin ohi zuten kiroldegian, baina aurten, oso bestelakoa izango da ikasturte amaierako ekitaldia. Izan ere, datorren ostiralean, hilak 17, festa egingo dute Perdillegiko eta Urola Ikastola BHIko instalazioetan.

17:00etan hasiko da festa, eta Perdillegiko frontoian eta jolastokian Haur Hezkuntzako ikasleentzako jolasak eta tailerrak egingo dituzte; hain zuzen ere, puzgarriak, kometa tailerra, aurpegi margoketarako txokoa, moto zirkuitua eta beste hainbat ekintza izango dira gune horretan. Urolako frontoian eta aparkalekuan, aldiz, Lehen Hezkuntzako ikasleentzat izango dira tailerrak. Askotariko jolasak egingo dituzte han, eta puzgarriak, photocall-a, eskulanak eta aurpegi margoketarako txokoa izango dira.

Era berean, Perdillegiko eraikinean ikasle guztientzako hainbat ekitaldi ere izango dira. Gorka Arregik judo erakustaldia eskainiko du karpan —HHkoentzat 17:00etan eta LHkoentzat 18:00etan—, Lara Idoetak zumba saioa eskainiko du Mugi-mugi gelan —17:30ean lehen saioa eta 18:15ean bigarrena—, Amaia San Vicentek ipuin kontaketa saioa eskainiko du liburutegian —HHkoentzat 17:00etan eta LHkoentzat 18:00etan—, eta Eider Igarzak makrame eta slime saioa eskainiko du HHkoentzat zein LHkoentzat Ametsen Txokoan.

Eguna amaitzeko, aldiz, LH6ko ikasleei agurra emango diote Perdillegiko sarrera nagusian, bertsolariekin eta trikitilariekin lagunduta; 19:45ean afari-merienda egingo dute bakoitzak etxetik eramandako jatekoarekin —edaria erosteko aukera egongo da—, eta, azkenik, Julen Revueltak magia emanaldia eskainiko du.

Hainbat xehetasun

Zentroko arduradunek eta Zutarri guraso elkarteko kideek hainbat ohar helarazi dituzte festaren harira. Alde batetik, festak irauten duen bitartean ikasleen arduradun gurasoak izango direla nabarmendu dute. Bestetik, segurtasuna dela eta, Perdillegiko instalazioetara sartzeko Perdillegi kaleko sarrera erabili beharko da, eta saihesbide aldeko atea itxita egongo da. Era berean, Perdillegi kalea ibilgailuentzat itxita egongo dela nabarmendu dute.