Sokamuturrarekin hasi dituzte nuarbetarrek Trinitate jaiak

Onintza Lete Arrieta 2022ko eka. 11a, 18:53

Batzuk zezenaren aurrean korrika, eta besteak haiei begira; horrela hasi dituzte auzoko festak bi urteko etenaren ondoren Nuarben, eta hiru egunetan izango da zer gozatua. Gaur, adibidez, 19:00etan poteoa egingo dute Azpeitiko Kantu Jira taldearekin; 20:30ean, herri afaria izango da; eta gauean, 23:30etik aurrera, Garilak 26 musika taldea.

Nuarben gaur arratsaldean hasi dituzte Trinitate jaiak. Ohi bezala, txupinazoak eman die hasiera festei, eta handik gutxira hasi da egitarauko aurreneko ekintza: sokamuturra. Jende asko elkartu da, bai zezenen aurrean korrika egitera, bai horiek ikustera. 16:30ean hasi, eta ordubetetik gora iraun du sokamuturrak.

Aurreneko egunari jarraipena emateko, poteoa egingo dute Azpeitiko Kantu Jira taldearekin 19:00etan hasita, eta herri afaria izango da frontoian gero, 20:30ean. Sokamuturra hasterako prest zuten dena mahai luzeetan.

Eguna amaitzeko, berriz, Garilak 26 musika taldea igoko da oholtzara, 23:30ean.

Nuarbetarrek bihar, igandea, eta etzi, astelehena, jarraituko dute festan murgilduta. Hemen ikus daiteke egitaraua.