Barakaldon izandako "erailketa matxista" salatzeko elkarretaratzea deitu du Itaiak gaur arratsalderako

Maialen Etxaniz 2022ko eka. 11a, 09:00
Itaiak indarkeria matxistaren kontra egindako elkarretaratze bateko artxibo irudia. (Itaia)

19:00etan egingo du elkarretaratzea Itaiak Azpeitiko plazan. Ertzaintzak 53 urteko gizonezko bat atxilotu zuen ostegunean Barakaldon, ama hil izana leporatuta. 

Ertzaintzak 53 urteko gizonezko bat atxilotu zuen ostegunean Barakaldon (Bizkaia), apirilean ama hil izana leporatuta, eta horren harira elkarretaratzea deitu du Urola Erdiko Itaiak gaur arratsalderako. Plazan egingo dute kontzentrazioa 19:00etan hasita, Indarkeria matxistari aurre egin lelopean,   

Emakumezkoa apirilaren 26an zendu zen Barakaldoko Gurutzetako ospitalean. Semeak orduko hartan emandako bertsioaren arabera, emakumea erori egin zen, eta horrek eragindako lesioengatik hil zen gero. Erietxeko osasun langileek, ordea, indarkeria zantzuak sumatu zizkioten hilotzari, eta auzi medikuei eman zieten abisua. Auzitegi medikuak gorpuari egindako analisiak indarkeria zantzuak baieztatu zituen, eta, Barakaldoko 4. Instrukzio Epaitegiak hala eskatuta, ikerketa abiatu zuen Ertzaintzak. Ikerketa horri segika, ertzainek semea atzeman zuten ostegunean, lesioak hark eraginak zirelakoan eta, beraz, ama hil izan lukeelakoan. Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak atzo jakinarazi zuenez, beharrezko diligentziak egin ondotik pasatuko da gizonezkoa epailearen aurretik.

Barakaldon gertaturikoa hilketa matxista bat dela baieztatuko balitz, aurten gizonezko batek hildako bigarren andrea litzateke. Azken hilketa urtarrilean jazo zen.