Ikasturteko azken festa egin dute Gaztelekuko kideek, giro ederrean eta musikaz lagunduta

Maialen Etxaniz 2022ko eka. 10a, 21:29

Jende ugari bertaratu da Izarraizko Atera Gaztelekuko kideek prestatutako festaz gozatzera. Musika izan da protagonista nagusienetakoa, eta jaira bertaratu direnek arratsalde ederra igarotzeko aukera izan dute. 

Hainbat astez prestaketa lanetan aritu ostean, Gaztelekuko erabiltzaile eta hezitzaileek gaur egin dute ikasturte amaierako azken festa. Eguraldi ederra lagun, Izarraizko Atean elkartu dira 17:00etan.

Hasieran kalejira joatekoak ziren arren, azkenean parkean bertan jarri dute elkartzeko hitzordua, eta gazte ugari animatu da bertara. Azken festari hasiera emateko, Gazteak eta musika egitasmoaren bigarren saioa egin dute. Bertan, Gaztelekuko kideek elkarrizketak egin dizkiete Azpeitiko hainbat musikari gazteri. Hain zuzen, Eider Sanchez, Josu Iraola, Deñe Garcia-Bravo, Checboyz eta Aratz Azkue izan dira gaurko elkarrizketatuak. Solasaldiaren ostean, musika izan da protagonista, eta Izarraizko Atean jarritako oholtzara igo dira aurrez galderei erantzuten aritu diren gazteak. Rap doinuak eskaini dituzte Josu Iraolak eta Checboyzek, eta askotariko mezu eta aldarriz betetako kantuak abestu dituzte. Haien ostean, DJ Bonbaxen, Aratz Azkueren, txanda izan da. Hark doinu elektronikoz girotu du festa. Mokadua egiteko tartea hartu dute ondoren, eta kontzertuak gauean egitekoak ziren arren, pixka bat aurraratu eta arratsaldeko azken hondarretan egin dituzte. Hala, Deñeren eta Eider Sanchezen doinuekin amaitu dute festa, 21:30 aldera.

Gustura agertu dira Gaztelekuko erabiltzaile nahiz hezitzaileak gaurko hitzorduak emandakoarekin. Ikasturteko azken asteak jaia antolatzen aritu dira, Kulturaz kooperatibarekin elkarlanean. Hainbat lantalde egin dituzte horretarako, eta denen artean borobildu dute festa. Hezitzaileek bixikeria bat ere kontatu dute. Hain zuzen, gaurkoan oholtzan aritu diren musikari gehienak aurrez Gaztelekuaren bueltan ibilitakoak dira, eta hori pozgarria dela uste dute. 

(Argazkiak: Azpeitiko Gaztelekua eta Maialen Etxaniz)