XL. Euskal Antzerki Topaketen kartel lehiaketara aurkeztutako lanak, ikusgai

Maialen Etxaniz 2022ko eka. 10a, 19:33

Lau kartel aurkeztu dituzte lehiaketara. Horiek ikusgai izango dira ekainaren 19a bitartean. Herritarrek beren gustuko kartelaren aldeko botoa emateko aukera izango dute.

Ireki dute XL. Euskal Antzerki Topaketen kartel lehiaketara aurkeztutako lanen erakusketa. Aurten, Betharrameko erakusketa aretoan jarri dituzte ikusgai lehiaketara aurkeztutako afixak, eta gaur ireki dute erakusketa. Guztira, lau lan aurkeztu dituzte aurtengo antzerki topaketak iragartzeko kartel lehiaketara. 

Ekainaren 19a bitartean izango da lanak ikusteko aukera. Astelehenetik ostiralera, 18:00etatik 20:00etara bitartean egongo da irekita erakusketa aretoa, eta larunbatetan zein igandeetan, 12:00etatik 14:00etara.

Herritarrek beren gustuko kartelaren aldeko botoa emateko aukera izango dute. Erakusketa irekitzeko Arte eta Diseinu ikastegiaren laguntza izan du Azpeitiko Udalak.

XXXIX. Euskal Antzerki Topaketen kartel lehiaketa Maialen Azkue zarauztarrak irabazi zuen. Epaimahaiak "aho batez" erabaki zuen irabazlea, eta 900 euroko diru saria jaso zuen hark.