Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluko presidentea

Patxi Olabarria: "Kooperatibismoa da gure herriarentzat etorkizuneko eredua"

Patxi Olabarria. (Arnaitz Rubio Aprea)

Kooperatiben erakundeetan ibilbide oparoa du, eta garbi du enpresa kooperatiboak direla Euskal Herriaren etorkizunerako giltza. Egitura hori duten enpresak gero eta gehiago dira, eta langileek kooperatibetan duten erabakimenean egin du behin eta berriz azpimarra 2022ko ekaineko Uztarria aldizkarirako eman duen elkarrizketa honetan.

Patxi Olabarriak (Azpeitia, 1960) eskarmentu handia du kooperatiben munduan. Egitura juridiko hori duten enpresak batzen dituzten erakunde hainbatetan ditu karguak, eta "gustura" aritzen da egiteko horietan. Kooperatiben gaur egungo egoeraz nahiz horiek aurrera begira dituzten erronkez hitz egin du, kooperatibek dituzten balio erantsiak gogoan hartuta.

Eskarmentu handia duzu kooperatiben bueltako erakundeetan. Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluko presidentea zara, Konfekoopeko presidenteordea eta Erkide irakaskuntza arloko kooperatiben koordinatzailea ere bai. Zein da zure egitekoa erakunde horietako bakoitzean?

Euskadiko Kooperatiben Konfederazioaren (Konfekoop) barruko irakaskuntzaren sektorean, Erkiden, 89 kooperatiba daude federatuta. Batzuk ikastolak dira, eta beste batzuk ikastetxeak, baina horien egitura juridikoa da batzen dituena, denak kooperatiba dira eta. Kooperatiba horiek dinamizatzea, aholkatzea eta koordinatzea da nire zeregina, kooperatibismoarekin zerikusia duten alderdi guztietan. Konfekoop, berriz, euskal kooperatibismo guztia batzen duen erakundea da, eta sektore ekonomiko desberdinetako 1.350 enpresa daude han federatuta; 60.000 enplegu, 11.000 milioiko fakturazioa eta 1,4 milioi bazkide. Sektoreetako gainerako arduradunekin batera laguntzen dut konfederazioan, eta hango presidenteordea naiz. Hain zuzen ere, Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluko presidente kargua Konfekoopen ordezkaria naizelako betetzen dut. Goren Kontseilua da Espainiako Estatuan eta munduan kooperatiben bueltan dagoen erakunde publiko-pribatu bakarra, eta bere Osoko Bilkuran enpresa kooperatiboek, hiru euskal unibertsitateek, hiru foru aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak dute ordezkaritza. Kooperatibismoa sustatzea eta hedatzea dira kontseiluaren eginkizun nagusiak, kooperatiben arloan administrazioak aholkatzeaz eta haiekin lankidetzan aritzeaz gain.

Konfekoopeko presidente Rosa Lavinek esana da kooperatibak "indartuta" atera zirela pandemiatik. Nola eragin du pandemiak zuen erakundeetan?

Hala da, bai. Kooperatibak indartuta atera dira, eta erakutsi dute ezbeharren aurrean adoretu egiten den eredu sozioekonomikoa dela. Printzipioak eta balioak aintzat hartuta, kooperatibek berriz ere erakutsi dute pertsonak direla lehenengo gauza, erantzukizunetik, elkartasunetik eta konpromisotik erantzunez. Pandemian lanpostuak birkokatzeko, egutegi mugikorrak ezartzeko eta ondarea sendotzeko neurriak hartu zituzten, beste askoren artean, eta krisialdirako benetako irtenbide bihurtu ziren. Konfekoopek, adibidez, 400.000 euroko funtsa sortu zuen federatutako kooperatibei zuzenean laguntzeko, eta, aldi berean, Eusko Jaurlaritzaren zuzeneko laguntza deialdi berria bultzatu genuen. Zorionez, kooperatiba eta enplegu gutxi suntsitu ditu pandemiaren ondorio den krisi ekonomikoak. Gure erakundeek ere egoerara egokitu behar izan zuten, aurrez aurreko bileren ordez bilera telematikoak eginez, ekitaldien datak aldatuz, bidaiak murriztuz eta osasun segurtasuneko protokoloak ezarriz, baina kooperatibismoaren alde eta mesederako egin ohi dutena egiten jarraituta. Horrela, pandemia gorabehera, iazko urriko lehen astean Denon Artean sariaren bigarren edizioa ospatu ahal izan genuen, eta Donostia kooperatibismoaren hiriburu bihurtzea lortu genuen. Goren Kontseiluak jardun zuen Espainiako Estatuko kooperatiba erakunde guztien bileren anfitrioi lanetan, eta, gainera, Europako Parlamentuko Social Economy Taldearen bileran ere parte hartu zuen.

Kooperatiba bat, zergatik eta zertarako?

Kooperatiba enpresa antolaketaren modu bat da. Pertsonak ditu ardatz, irekia eta kideena da; izan ere, horiek kontrolatzen eta zuzentzen dute kooperatiba, denen premia ekonomiko, sozial eta kulturalei erantzuteko. Enpresa kooperatiboa da kalitatezko enplegu gehien sortzen duena, erabakietan parte hartzeko aukera ematen duena nahiz soldata eta genero arrakala murrizten dituena. Balioetan oinarritutako enpresak dira, konprometituak, ingurunearekin bereziki solidarioak, gizarte erantzukizuneko irizpideen arabera funtzionatzen dutenak eta enplegu egonkorra sortzen dutenak. Kooperatiba bat eratzeko nahikoa dira bi bazkide eta 3.000 euroko hasierako kapitala.

Zer balio sustatzen dituzte euskal kooperatibek?

Balioetan oinarritutako enpresak dira, elkarren arteko lankidetzaren bidez elkartasuna praktikatzen dutenak, malguak direnak eta merkatuaren baldintzetara egokitzen dakitenak, duela gutxi pandemia garaian erakutsi duten bezala. Ekitatean, berdintasunean eta justizia sozialean oinarritzen dira, gainera. Lurraldean errotuta daude, inguruneaz kezkatuta, eta horren erakusgarri da euskararekiko eta euskal kulturarekiko duten konpromisoa. Gainera, pertsonei elkarrekin lan egiteko aukera ematen diete, oparotasuna eta epe luzeko lanpostuak sortzen dituzten enpresa iraunkorrak sortuz. Kooperatibei lotutako balio horiek gero eta gehiago eskatzen dituzte gazteek, horiek baitira eta izango baitira etorkizuneko ekoizpen eta enpresa sarea eratuko dutenak.

Kooperatibetan langileek duten parte hartzea goraipatu duzu. Zer rol dute langileek halako enpresetan?

Funtsezkoa da hori. Kooperatiben eredua pertsonetan oinarritzen da. Borondatez elkartutako pertsonak dira, beren premiak –askotan, lana– jarduera kooperatibizatuaren bidez asetzeko, hala nola kapital sozialari ekarpenak eginez, 'pertsona bat, boto bat' arauari jarraituz, enpresa demokratikoki administratuz, eta gobernu organoen bidez gai sozialen kudeaketan parte hartzeko funtsezko eskubidea dute. Gaur egun, enpresan parte hartzea goraipatzen eta sustatzen da, eta kooperatiba da horren adibiderik onena. Enpresa kooperatiboaren partaidetza erabatekoa da, politikoa eta ekonomikoa, hau da, kudeaketan eta erabakietan, kapitalean eta emaitzetan parte hartzen da. Aspalditik ikusten da enpresa eredu tradizionalak irekitzen ari direla, langileek enpresan duten partaidetzan aurrera egiteko, eta hori positibotzat hartzen dugu, baina sakontzera animatu nahi ditugu, zerbait eraginkorra eta erreala izan dadin.

Kooperatibek zer ekarpen egiten diote gizarteari?

Kooperatibak balioetan eta printzipioetan oinarritutako enpresak dira, deslokalizatzen ez direnak, erakunde jasangarriak ez ezik, epe luzerako enpleguak eta oparotasuna sortzen dituztenak. Azken urteotan erakutsi dute, krisi garaian egonik ere, mantentzeaz haratago, enplegua sortzeko gai direla. Gainera, datuek diotenez, kooperatiba gehien dagoen eskualdeetan dago desberdintasun tasa txikiena.

Olabarria, Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluaren egoitzan. (Arnaitz Rubio Aprea)

Zer indargune eta ahulgune dituzte kooperatibek?

Zalantzarik gabe, kooperatibak osatzen dituzten pertsonak dira kooperatiben indargunerik handiena. Kooperatibismoaren balioei eta printzipioei dagokienez, aipatzekoa da pertsona horiek erakusten duten koherentzia, beraiek egiten baitute kooperatiba autogestioaren bidez. Azpimarratu behar da kooperatibek egunero lehiatu behar dutela beste enpresa forma batzuekin, oso marjina estuak dituzten eta lehia handia dagoen merkatuetan eta eremuetan, eta beti beren printzipioei eutsiz lehiatzen dira. Ahulgune bat aipatzekotan, kooperatibek beren burua 'ongi saltzen' ez dakitela esango nuke. Sendotasun berezi bat eskaintzen diogu herri honi: lurraldean errotzea, desberdintasun txikiagoak, aberastasunaren banaketa zuzena, enplegu egonkorra eta kalitatezkoa... Gehiago kontatu eta balioetsi behar dugu egiten duguna nahiz nola egiten dugun; enpresa sarera eta, oro har, gizartera, gehiago zabaltzeko prozesuan gaude.

Kooperatibek zertan izan dute bilakaera edo aldaketa nabarmena azken hamarkadetan?

Urteen joan-etorriak agerian utzi du kooperatibak handitu egin direla dimentsioari dagokionez, gero eta sektore ekonomiko gehiago hartu dituztela eta merkatu berrietara ireki direla. Horrek garapen juridikoa hobetzea behartu du, baina horrek ez ditu ez balioak, ez printzipioak aldatu. Kontseilu Gorenaren eskariz egin berri den ikerketa baten arabera, sozietate kooperatiboak dira gizartearen aldetik aitortzarik handiena duten enpresak. Herritarrek pertsonen partaidetza, aberastasun partekatua eta konpromisoa aitortzen dizkiete kooperatibei. Eta, gazteenen artean, lanerako gomendatutako aukerarik onena dira, kooperatibek kalitatezko enpleguarekin eta jasangarritasunarekin duten loturagatik.

Ia bi urte dira Kooperatiben Legea aldatu zela. Aldaketak zeri eragin dio?

Legea ona da, oro har, garai berrietan jarduteko. Malgutasuna emango digu kudeaketan, eta merkatuan lehiakorrak izan ahalko dugu, nortasun kooperatiboa galdu gabe. Baina pandemiaren hasierarekin batera onartu zuten legea, eta, beraz, ordutik ezin izan dira legean jasotako aldaketa asko ezarri. Kontseilu Gorenaren kasuan, hiru foru aldundiak haren osoko bilkuran sartzea ekarri du legeak, eta hori aukera bat da guretzat kooperatibismoaren hedapenean eta sustapenean gehiago eta hobeto lan egiten jarraitzeko.

Kooperatibek zer pauso eman dituzte berrikuntzarantz?

Berrikuntza enpresa kooperatiboen berezko ezaugarrietako bat da, eta alderdi askotan garatzen da. Kooperatibak hasieratik aritu dira berritzen enpresaren jasangarritasunean, ingurumenean eta pertsona guztientzako aukera berdintasunean. Eta horren azken adibideetako bat da plataforma digital kooperatiboena; ondasunak edo zerbitzuak, batez ere, Internet bidez saltzen dituzten enpresak dira. Enpresa tradizionalak ez bezala, erabiltzaileen jabetzakoak dira kooperatibak, eta haiek kontrolatzen dituzte horiek demokratikoki. Gainera, gizarte eta ingurumen onurak eskaintzera bideratzen dute jarduna, eta teknologia erabiltzen dute, askotan kode irekikoa, bezeroak eta ekoizleak zuzenean konektatzeko, bitartekaria kenduta. Beste adibide bat datu kooperatibak dira, kide indibidualek beren borondatez partekatutako datuak biltzen dituztenak, datu horiek kideen komunitate osoaren onurarako monetizatzeko. Bi adibide horiek erakusten dute kooperatibek nola lagun dezaketen ekonomia bidezkoagoa eta jasangarriagoa eraikitzen.

Lan kooperatiba ugari daude Euskal Herrian. Zein da kooperatiben bereizgarria, gainerako egitura juridikoekin alderatuta?

Sozietate kooperatibo baten eta gainerako forma juridikoen arteko desberdintasun nagusia da kooperatibetan lan egiten duten pertsonak direla enpresa zuzentzen dutenak, eta horiek guztiek parte hartzen dutela eta pisu bera dutela erabakiak hartzerakoan. Kooperatibetan, pertsona da faktore garrantzitsuena, bete-betean parte hartzen baitu enpresan, hau da, erabakiak hartzen (kudeatzen), kapitalean eta emaitza ekonomikoetan. Kooperatiba da demokrazia enpresan sartzen den forma juridiko bakarra. Gainerako egitura juridikoetan, irabaziak bazkide bakoitzak jarritako kapital sozialaren arabera banatzen dira, estatutuetan bestelakorik jaso ezean. Lan kooperatibetan, irabazien banaketa egindako lanaren arabera banatzen da, ez kapitalaren arabera, eta hori motibazioa da bazkideentzat, sozietate kooperatiboak irabazten badu, hura osatzen duten pertsona guztiek ere irabazi egiten dutelako. Horrek lanpostu egonkorrak sortzea dakar, lan kooperatibaren helburua autoenplegua baita, ez soilik ahalik eta etekin handiena lortzea.

(Arnaitz Rubio Aprea)

Hasierako helburuak mantentzen al dituzte gaur egungo kooperatibek?

Edozein entitatetan edo erakundetan, une zailak eta krisi uneak izan ohi dira norbere printzipioak eta balioak erakusteko eta horiei balioa emateko momentuak. Azken hamarkadan une zail asko bizi izan ditugu, azkena pandemia garaia, eta horietan kooperatibek eta kooperatibistek erresilientzia handia erakutsi dute, hainbat erakundek eta eragilek publikoki aitortu duten bezala. Hori ez da, baina, kasualitatea izan; izan ere, kooperatiben printzipioen eta balioen gaurkotasuna agerian jarri dute, eta praktikan ere bai, inoiz baino gehiago eta bazkideen beharrak kontuan hartuta. Hori izan da erakutsitako erresilientziaren arrazoia. Kooperatibak zeuden lurraldetik gertu zegoen behar bati erantzuteko sortu ziren; konstante hori mantendu egin da bazkideen, herrien eta ingurunearen beharrei finantza, osasun eta gizarte krisietan erantzuteko, baita gatazken inpaktu globalari erantzuteko ere. Negozioaren autokudeaketak, inguruneak aldatzen baldin badira ere, testuinguru berrietara egokitzeko malgutasuna ematen du, hain zuzen ere, printzipioetan eta balioetan oinarritutako idiosinkrasiarekin.

Ekintzailetza eta kooperatibismoa uztargarriak al dira?

Enpresa proiektu bat sortzeari hainbat eratan ekin ahal zaio. Gure erakundeetan taldean ekitearen alde egiten dugu, pertsonak protagonista izanda. Izan ere, pertsona talde baten giza kapitala funtsezkoa da negozio ideia bat garatzeko. Gainera, berrikuntza eta sortzeko gaitasuna talde lanean sustatzen dira, eta taldearen kohesioak proiektua garatzen laguntzen du. Lantalde on batek ideia on bat aurkitzen jakingo du, talentu asko batzen direlako eta pertsona guztiek beren trebetasunak eskain ditzaketelako.

Munduan zehar hain hedatuta al dago izaera kooperatiboa?

Nazioarteko Aliantza Kooperatiboaren (ACI) arabera, munduko biztanleen %12 baino gehiago dira kooperatibista, munduko 110 herrialde baino gehiagotan ezarrita dauden hiru milioi kooperatibetan. Munduko 300 enpresa kooperatibo eta mutualitate garrantzitsuenek 2,14 bilioi dolarreko negozio bolumena egiten dute batera, eta kooperatibek lanean ari diren biztanleen %10i ematen diete enplegua.

Azken urteotan kooperatiben kopuruak gora egin al du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan?

Bai, igoera etengabea izan da. Izan ere, azken hamar urteetan, 1.928 kooperatiba eratu dira, eta 225 kooperatiba berri azken urtebetean. Datuek agerian uzten eta berresten dute kooperatiba formula edozein jardueratara egokitzen dela eta edozein sektoretan gara daitekeela.

(Arnaitz Rubio Aprea)

Euskal Herrian sektore askotan diharduten kooperatibak daude. Kooperatibarik indartsuenak industria arlokoak eta hezkuntza arlokoak dira. Zein da errealitatea?

Lau kooperatibatik hiru baino gehiago lan elkartukoak dira, hau da, kooperatiba gehienek lana kooperatibizatzen dute. Gainera, industriaren sektorean pisu handia dute, eta nazioarteko salmenten ehuneko handi bat dira. Horien ondoren daude irakaskuntza sektorekoak, nekazaritzako elikagaien sektorekoak eta kontsumokoak, etxebizitza kooperatibak ahaztu gabe. Eta beste sektore eta formatu batzuetan ere ari dira kooperatibak eratzen; adibidez, formatu kooperatiboko energia komunitateak sortu dira –lehenengoetako bat Azpeitian ari dira eratzen–, edo baita erabilera lagatzeko etxebizitza kooperatibak ere, esaterako, aurki Donostian errealitate bihurtuko dena.

Kooperatibismoa merkatari txikientzako irteera bat izan daiteke? Izan ere, estrategia propioa behar dute online enpresa erraldoiekin lehiatzeko...

2003an, Kontseilu Gorenak eta Konfekoopek Elkarlan sortu genuen, enpresa kooperatiboak sustatzeko erakundea. Ordutik 1.840 kooperatiba eratzen lagundu du, sortu diren kooperatiba guztien %64, eta, horietako gehienak txikiak badira ere, %75eko biziraupen tasa izan dute. Elkarlanetik, lehen urtean, orientazioa eta aholkularitza, proiektuaren bideragarritasunaren analisia, prestakuntza kooperatiboa, arreta pertsonalizatua eta profesionala, laguntza eta dirulaguntzei buruzko informazioa, kooperatiben eraketa eta tutoretza eta jarraipena eskaintzen ditugu. Kezka ekintzaileak dituen oro Elkarlaneko profesionalekin harremanetan jartzera animatu nahi dut, zalantza guztientzako laguntza eta horientzako erantzunak emango dizkietelako.

Euskal Herriko kooperatibek zer erronka dituzte datozen urteetarako?

Kooperatiben Goren Kontseilua euskal kooperatibismoa osatzen duten sektore guztiak aztertzeko eta haiei modu aktiboan entzuteko prozesu batean dago murgilduta, eta plan estrategiko berrian jasoko da hori. Gainera, euskal mugimendu kooperatibo guztiak bezala, gazteak kooperatibismora, ekintzailetza kolektibora, enpresa egiteko beste modu batera, balioak dituen eta gizartea eraldatzeko gogoa duen enpresa batera hurbildu behar ditugu, gugana erakarri, eta haiengan ilusioa piztu; hori da erronka. Horretarako, bereziki, hezkuntzaren curriculumetan ekintzailetza kolektiboa eta kooperatibismoa sartzea nahi dugu, eta horretan ari gara. Konfekoopek, berriz, kooperatibak prestatu behar ditu digitalizazioari dagokionez, energiaren eta ingurumenaren alorrean bizitzen ari garen trantsizioei ahalik eta baldintza onenetan ekin ahal izateko. Zentzu horretan, konfederazioa lanean ari da kooperatibak tresna eraginkorrez hornitzeko. Konbentzituta gaude kooperatibismoa dela gure herriarentzat etorkizuneko eredua, eta hala direla onar dezaten eta kooperatiben ehunak hazten jarrai dezan ahaleginduko gara nagusiki, beti kooperatibetatik hurbil egonda.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide