Eider Mendoza: "Etxean asko hitz egiten zen politikaz; natural egin zait txikitatik"

Gipuzkoako Hitza 2022ko eka. 11a, 09:08
Eider Mendoza.

Eusko Legebiltzarrean hasi, Gipuzkoako Batzar Nagusietatik igaro, eta Gipuzkoako Aldundiko diputatu eta bozeramailea da egun Mendoza. Lanean "saiatua eta langilea" dela aitortu du Azpeitian jaiotako politikariak Gipuzkoako Hitza egunkarian.

Azpeitian jaioa da Eider Mendoza Larrañaga (1974), baina Hondarribian egiten du bizitzaren zatirik handiena. Ezkonduta dago, eta lau seme-alaba ditu. EAJko kidea da, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Gobernantza diputatua eta bozeramailea da egun. Zerbitzu publikoetan sinisten duela aitortu du, eta uste du oraindik ere aurrerapauso gehiago eman behar direla emakumeen eta gizonen arteko berdintasunean. Ez du argitu hurrengo urteko foru hauteskundeetan ahaldun nagusi izateko EAJren hautagaia izango den edo ez.

Noiz eta zergatik erabaki zenuen politikan hastea?

16 urte nituela afiliatu nintzen EGIn. Familian asko jarraitzen zen politika. Gure etxean asko hitz egiten zen politikaz; aititek, amamak eta amak hitz egiten zuten politikari buruz batez ere. Esan daiteke politika beti zegoela mahai gainean familiako bazkarietan eta afarietan. Nire ingurua ere oso politikoa zen: kuadrilla, auzoko lagunak… Eskolan ere asko hitz egiten zen politikaz. Horregatik, oso natural egin zait txiki-txikitatik. Eta zergatik EAJn? Bi arrazoi nagusirengatik: batetik, abertzalea naizelako, eta, bestetik, bakezalea naizelako. Aitortu behar dut neure burua inoiz ez nuela irudikatu erakunde publikoetan.

2001eko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan lortu zenuen legebiltzarkide postua. Dena aldatu al zen egun horretatik aurrera?

Aukeratua izateko inolako asmorik gabe eman nuen izena zerrendetan. Juan Jose Ibarretxe lehendakaria buru zela, oso emaitza onak lortu genituen hauteskunde haietan, eta eserlekua eskuratu nuen. Beraz, Eusko Legebiltzarrean izan zen nire lehenengo esperientzia erakunde batean; sekulako bertigoa sentitu nuen orduan. Pentsa, 26 urte besterik ez nituen, eta ama izan berria nintzen, hilabete gutxiko ume bat nuen etxean… Baina aitortu behar dut izugarrizko oparia izan zela. Oso momentu gogorrak bizi behar izan genituen, baina ederra izan zen. Gauza guztiekin ikas daiteke, eta beste leku batetik gure herriari ekarpena egiteko aukera ona izan zen ordukoa.

11 urtez egon zinen Eusko Legebiltzarrean.

Hasieran, EAJ gobernuan zegoela, eta, azken urteetan, oposizioan, Patxi Lopez PSE-EEko ordezkaria lehendakari zela. Horren ostean, Gipuzkoako Batzar Nagusietan aritu nintzen lanean, kasu horretan ere oposiziotik; Markel Olano zen oposizioko burua. 2015eko hauteskundeetako emaitzen ondorioz, EAJk Gipuzkoako Foru Aldundia berreskuratu zuen, eta Batzar Nagusietarako presidente izendatu ninduten. Egun, Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramailea naiz. Lehendabizikoz, kudeaketa lanetan ari naiz bete-betean; aurretik, arlo araugilean aritu izan naiz gehiago. Sekulako esperientzia izaten ari da dena. Oso pozik nago, ikusten dudalako lantaldearen ahaleginarekin ekarpena egiten diogula herri honi.

Nola definituko zenuke zeure burua?

Oso saiatua naiz; ez dut amore ematen. Langilea naizela uste dut, eta zerbait lortu behar denean, beti saiatzen naiz bete-betean aritzen, ezarritako helburuak lortzeko. Zerbitzu publikorako bokazioa daukat, zerbitzu publiko hori edozein dela ere. Argi daukat hona ez garela etorri geure buruari begiratzera soilik, baizik eta zerbait ematera. Horrez gain, jardunean zintzoa eta zuzena naiz. Ez naiz atzetik ibiltzen diren horietakoa. Konfiantza lortzeko modurik egokiena horixe dela esango nuke, eta seguru nago lantalde bat behar dela gauzak aurrera eramateko. Taldearen konfiantza lortzeko ezinbestekoa da naturala izatea eta hasiera-hasieratik gauzak argi esatea.

(Irakurri elkarrizketa osoa Gipuzkoako Hitzaren webgunean)