Hantxe bertan

Mikel Morillo: "Pertsonalki nahiz profesionalki, pila bat ari naiz hazten"

Ihintza Elustondo 2022ko eka. 26a, 12:26
Mikel Morillo, Chicagon. (Utzitakoa)

Eusko Jaurlaritzaren Beint izeneko bekari esker, Chicagon (AEB) dago urtarrilaz geroztik Mikel Morillo (Azpeitia, 1997). Abendura arte, gutxienez, han egongo da, nahiz eta egonaldia gehiago luza daitekeen. "Oso-oso gustura" bizi da han.

Nolatan iritsi zara Azpeititik Chicagora?

Enpresa ikasketak egin nituen, eta enpresen nazioartekotzean espezialitatu nintzen. Ondoren, Beint bekaren deialdira aurkeztea erabaki nuen. Beka horren helburua da Araba, Bizkai eta Gipuzkoako gazteei nazioarteko arloan aritzeko prestakuntza eskaintzea. 500 bat pertsona aurkeztu ginen deialdira, eta 125 plaza zeuden guztira. Hainbat proba egin ostean, aukeratutetako bat izan nintzen.

Bekari esker, Espainiako enbaxadan ari zara lanean.

Bekak hiru fase ditu, eta une honetan, bigarren fasea gauzatzen ari naiz. Lehen fasean, graduondoko bat egin nuen, eta han lortzen nuen notaren arabera aukera nezakeen bigarren faserako helmuga bat edo bestea. Bigarren fasean, nazioarteko instituzio publiko batean praktikak egitea tokatzen da, eta hirugaren fasean, nazioarteko enpresa batean. Zalantza izan nuen bigarren faserako zer helmuga aukeratu, baina sekulako aukera iruditu zitzaidan AEBetan lan egitea, eta azkenean, Chicagora etortzea erabaki nuen. Gaur egun, Espainiako enbaxadako merkataritza eta ekonomia bulegoan ari naiz lanean. Bertako langileez aparte, ni eta beste bederatzi bekadun aritzen gara han, eta gure lana da Espainiako enpresei AEBetan nazioartekotzen laguntzea.

Zer egiten duzu denbora librean?

Denbora librea dudanean, beste bekadunekin ibiltzen naiz. Sekulako zortea izan dut; izan ere, oso kuadrilla polita osatu dugu. Plan pila bat egiten ditugu, Chicagok asko baitauka eskaintzeko: askotariko tabernak daude, museoak, ikuskizunak, lakuetako hondartzak... Leku horiek bisitatzeaz gain, jaiegunak bidaiatzeko aprobetxatzen ditugu: Miami, San Frantzisko, Puerto Rico, Filadelfia... bisitatu ditut.

Zer moduzko esperientzia ari zara bizitzen?

Sekulako esperientzia ederra. Pertsonalki nahiz profesionalki, pila bat ari naizela hazten sentitzen dut. Inoiz ez zitzaidan burutik pasatu halakorik biziko nuenik.

Zer gustatu zaizu gehien Chicagotik? Eta zer gutxien?

Jendea oso-oso irekia dela da gehien gustatzen zaidana. Oso erraza da hemen lagunak egitea, eta ezberdin pentsatu arren, oso toleranteak dira normalean. Aniztasun handia dago, eta hori asko gustatzen zait. Gutxien gustatu zaidana, berriz, hotza da. Chicagora iritsi nintzen egunean, zero azpitik hogei gradu egiten zituen; orain, ordea, eguraldi ona egiten du, eta eskerrak. Beste gauza txarretako bat da hemen dena oso garestia dela.

Zerbaitek harritu al zaitu bereziki?

Sekulako kontrastea dago Azpeititik Chicagora, eta gauza pila batek harritu naute. Harritu nauten gauza positibo bat eta negatibo bat aipatuko ditut. Positiboa: Chicago hain hiri handia izanda, inoiz ez zara aspertzen, beti daudelako gauzak egiteko. Negatiboa: hemengo kriminalitate tasa oso altua da; tiroketak-eta egon ohi dira. Auzo pila bat oso arriskutsuak dira, eta gainera, ez daude erdigunetik oso urruti. Azpeitian baino askoz ere kontu handiagoarekin ibili behar da hemen. Iritsi nintzen egunean, leku guztietan pistolarik ezin dela sartu adierazten zuten seinaleak zeudela konturatu nintzen.

Azpeitiaren faltarik ez al duzu sumatzen?

Ez da kanpoan bizitzen nagoen lehen aldia. Urtebete egin nuen Erasmus programarekin Amsterdamen, eta ohituta nago etxetik urrun egotera. Gainera, hemen masterra egiten ari diren euskaldun asko ezagutzen ditut, eta azpeitiar bat ondoko herri batean bizi da. Haiekin elkartzen naizenetan, etxetik gertuago sentitzen naiz. Korrika ere egin genuen Chicagon, eta oso ederra izan zen. Hala ere, asko sumatzen dut lagunen, familiaren nahiz Azpeitiko kale giroaren falta, eta gehienbat, aitaren janariarena.