Erabakimena aldarri, Pirinioak argiztatzera

Azpeitiko Gure Eskuko kideak, Foru Ibilbidean atondu duten lokalaren aurrean. (Ihintza Elustondo)

Gure Eskuk eta Kataluniako hainbat eragilek Pirinioak argiztatuko dituzte uztailaren 2an, erabakitzeko eskubidearen alde. 300 herritar behar dira Larhun argiztatzeko, eta Pirinioetako Bidea egitasmoan izena emateko deia egin du Gure Eskuk. Asteburuan kioskoa argiztatuko dute, eta gaur haurrentzako margotzeko txokoa izango da plazan.

Erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko, Gure Eskuk askotariko ekintzak gauzatu ditu azken urteetan. Aurtengoan, baina, zerbait berezia du esku artean dinamika horrek: autodeterminazio eskubidearen aldarria lau haizetara zabaltzeko, Pirinioetako 300 tontor argiztatuko dituzte uztailaren 2an, Hondarribiko (Gipuzkoa) Higer lurmuturretik Kataluniako Creus lurmuturrera argi lerro bat osatuz. Kataluniako zenbait eragile sozialekin elkarlanean egingo du Gure Eskuk ekintza hori: ANC eta FEEC dira sustatzaileak eta Omnium Cultural zein Artistes de la Republica laguntzaileak.

Azpeitiko Gure Eskuko kideak buru-belarri murgilduta daude ekintza horren prestaketa lanetan, eta aurtengo aldarriak "bereizgarri bat" izango duela azaldu du Luxio Galarragak: "Orain arte beti aritu izan gara katalanek egiten zituzten ekintzen jarraipena egiten, baina duela bi urte, Gure Esku ANCrekin elkarlanean hasi zen, eta horren emaitza da Pirinioetako Bidea egitasmoa elkarlanean antolatu izana", esan du. Horrek bere garrantzia duela nabarmendu du: "Ekintzak balioko du adierazteko Katalunia eta Euskal Herria beti elkarlanean aritu izan garela eta orain ere hala jarraitzen dugula. Estatu berberen menpe gaude bi nazioak, eta aldarrikapen bera egiten dugu. Pirinioak argiztatuz, Europari eta munduari azaldu nahi diegu gure estatua aldarrikatzen eta erabakitzeko ahalmena eskatzen dugula. Aldarri bateratua izango da, eta horrek beste indar bat ematen dio ekintzari".

300 tontorretatik 115 euskal herritarrek argiztatuko dituzte; zehazki, Jaizkibel (Gipuzkoa) eta Benasque (Espainia) artekoak. Gailur horiek, gainera, bitan bereizi dituzte: gailur berdeak izango dira batzuk, eta gailur gorriak besteak. Gailur berdeak ia herritar guztientzat dira irisgarriak; gailur gorriak, berriz, zailtasun handiagoko tontorrak dira –horietan bete da dagoeneko izen ematea–.

Azpeitiarrak Larhunera

Gailur berdeen artean banatu dituzte Euskal Herriko herriak, eta Azpeitiko herritarrek mendi jakin batera igo beharko dute uztailaren 2an: hain zuzen ere, Larhunera (905 metro). Errezildarrekin eta beizamarrekin batera argiztatuko dute azpeitiarrek gailur hori. Gure Eskuko kideek azaldu dutenez, hiru herri horien artean, 300 laguneko taldea osatzea komeni da Larhun argiztatzeko. Oraindik jende gutxik eman du izena egitasmoan, eta beraz, herritarrak animatu dituzte Pirinioetako Bidean parte hartzera; hemen egin daiteke izen ematea.

Azpeitiko Gure Eskuk, gainera, hainbat ekintza antolatu du uztailaren 2ra begira, motorrak berotzeko. Asteburuan, esaterako, herriko kioskoa argiztatuko dute. Gaurtik igandera egingo dute hori, iluntzean; margotzeko txokoa ere prestatuko dute haurrentzat gaur, kioskoan, 18:00etatik 20:00etara.

Era berean, Lagun Onak Mendi Bazkunarekin elkarlanean, beste bi hitzordu prestatu ditu Azpeitiko Gure Eskuk. Batetik, ekainaren 18an, Beratik (Nafarroa) Senperera (Lapurdi) joango dira oinez, Larhunetik igarota, jendeak uztailaren 2an egingo duten ibilbidea nolakoa izango den ikus dezan. Bestetik, uztailaren 2an Azpeitia-Iruñea egitasmoaren azken etapa –Oteitza eta Iruñea artekoa– egingo du mendi taldeak, eta Pirinioetako Bidearekin lotuko dute ibilaldi hori: hala nahi duenak Iruñetik autobusez Berara joan eta Larhunera igotzeko aukera izango du. Interesa duenak lotura honetan du informazio osatua.

Uztailaren 2a, egun handia

Uztailaren 2a izango da egun handia; erabakitzeko eskubidearen alde Pirinio guztia argiztatuko duten eguna, hain zuzen ere. Azpeitiko, Beizamako eta Errezilgo bizilagunak Beratik abiatuko dira oinez, eta pistaz igoko dira Larhunera; antolatzaileen arabera, pare bat ordu beharko dituzte lasai igotzeko. Beran bertan bizpahiru kilometroko ibilbidea osatuko dute, eta beste lauzpabost kilometrokoa pistan.

Gure Eskuko kideak dagoeneko hasi dira egun horretarako antolatzen: "Asmoa da Azpeititik autobusa 17:00 aldean abiatzea, eta Berara 18:00-18:30 aldean iristea. Larhunera 20:30 aldera iritsiko garela aurreikusten dugu. Han lasai afalduko dugu, eta iluntzen duenean, gailurra argiztatzeko prestatuko gara. Argiztatzeko ekintzak ordu erdi bat iraungo duela pentsatzen dugu; izan ere, argazkilariek irudiak hartu beharko dituzte", azaldu du Galarragak.

Tontorra argiztatzeko ekintza amaitzean, kopetako argiak soinean jaitsiko dira behera, lasai-lasai. Herrira iristerako 01:00 inguru izango dela aurreikusten dute, eta ondoren, autobusa izango da Azpeitira itzultzeko, Galarragak adierazi duenez: "Gazteek, agian, han parranda egiteko asmoa izango dute, eta helduek ziur asko itzultzea nahiko dute. Itzultzeko, bi autobus ordu ezberdinetan antolatzea pentsatzen ari gara, baina oraindik zehazteko dugu hori. Izena ematen duen jende kopuruaren eta haien asmoen arabera erabakiko dugu hori".

Eskualdekoei ere deia

Urola Kostako herri guztietan ez dira eratu Gure Eskuren taldeak, baina edozein herritako biztanleek dute egitasmoan parte hartzeko aukera, viapirinenca.cat helbidean izena emanda. Gure Eskuko kideek eskualdeko herritar guztiak animatu dituzte egitasmoan parte hartzera, denen bultzada ongietorria izango baita. Internetekin moldatzeko zailtasuna dutenek aukera izango dute Azpeitiko bulegoan –Foru Ibilbidean– izena emateko.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide