Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduaren I. Bizikleta Martxa Azpeitira iritsiko da astelehenean

Maialen Etxaniz 2022ko eka. 9a, 13:53
Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduaren I. Bizikleta Martxaren aurkezpeneko irudia. (Gaurgeroa.eus)

"1.080 euroko gutxieneko pentsioak, zerbitzu publikoen defentsa eta zaintza lan partekatuak" aldarrikatuko dituzte bizikleta martxarekin. Hamahiru egunetan Euskal Herriko hainbat txokotatik igaroko da egitasmoa, eta hilaren 13an egingo du geldialdia Azpeitian. Egun horretan, martxa ez ezik, ekitaldia eta afaria izango dira plazan. 

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduaren I. Bizikleta Martxa Azpeitira iritsiko da astelehenean, hilak 13, eta herriko Pentsiodunen Mugimenduko kideek "harrera alai eta aldarrikatzailea" egin nahi diote egitasmoari. "1.080 euroko gutxieneko pentsioak, zerbitzu publikoen defentsa eta zaintza lan partekatuen aitortza" dira bizikleta martxaren aldarri nagusiak.

Hamairu egunez Euskal Herria zeharkatuko du Pentsiodunen Mugimenduak antolatutako martxak, eta lehen etapa Donostiatik Azpeitira bitartekoa izango da.

Ibilbidea eta ekintzak

Astelehenean 19:00etan iritsiko da bizikleta martxa Madalena ingurura, eta handik Perez Arregi, Erdikalea, plaza, Goikokalea, Errebala, Arana, Loiolako etorbidea, Olazko biribilgunea, Sanjuandegi auzoa, igerilekua, anbulatorioa, Jose Artetxe kalea, Artzubiko biribilgunea eta  Goikokalea igaroko dituzte, martxari amaiera plazan emateko. 

Azpeitiko Pentsiodunen Mugimenduko kideek azaldu dutenez, 19:15ean, Artzubiko biribilgunetik plazara arteko zatia oinez egingo dute: "Beraz, bizikletan ibiltzerik ez duenak aukera izango du bizikleta martxakoekin batera elkartu eta bere atxikimendua azaltzeko".

19:30 aldera, plazara iritsitakoan, ekitaldia egingo dute. "Bertsolariak, trikitilariak eta alkatearen ongi etorria izango ditugu, besteak beste", azaldu dute sustatzaileek. Ondoren, 21:00etan, afaria egingo dute Azoka Plazan, eta "joan nahi duenak ateak irekita ditu". Afarira joan nahi dutenek, hori bai, astelehenean Baigerara joan beharko dute izena ematera. Afaria hamabost euro ordaindu beharko da.

Bizikleta martxako parte-hartzaileek Azpeitian igaroko dute gaua, eta hurrengo egunean Ondarroara (Bizkaia) joango dira. Guztira, 700 kilometro egingo dituzte bizikletaz. Donostian hasiko dute martxa astelehenean, eta Donostian amaituko da ekainaren 25ean.

Azpeitiko Pentsiodunen Mugimenduko kideek, herritarrei dei egin diete martxan parte har dezaten: "Azpeitiko herriari dei egiten diogu bizikleta martxan parte har dezan, pentsio duinak denon eskubidea direlako, bai gaur jubilatuta gaudenona eta bai gerora jubilatuko direnena ere".