Pandoraren kutxa

Ane Olaizola 2022ko eka. 10a, 13:00

Ane Olaizola kazetariak eta GUKA gehigarriko indarkeria obstetrikoari buruzko erreportajearen egileak idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Eme batek egin dezakeen ekintzarik gordinena da erditzea; barnetik kumea ateratzea, hari bizitza sortzea eta horretarako bide ematea. Milaka urteetako esperientziak bermatzen dio emeari erditzeko ahalmena, eta prozesu horretan, lagun du sena. Instintu horrek, ordea, bide motza izango du emeari ahoa ixten eta hegalak mozten bazaizkio.

Ez da erraza haurdunaldiaz, erditzeaz eta ondorenaz zintzoki hitz egitea, esperientziok iruditegi kolektibotik at badaude. Maiz errepikatzen den sentipena da bakardadearena, are gehiago amagaiek bizi izan dutena beren nahietatik urrundu bada. Jakinekoa da kanpoko esku hartzeak hainbatetan beharrezkoak izan daitezkeela, igaro beharreko tunela, askotan, ez dela aurreikusitakoa. Baina norbere bizipenak gorde dezake muga bat, zenbaitetan finegia agian, egindakoaren zilegitasuna bera jomugan jar dezakeena. Izan ere, herenegunera arte normaltzat har zitezkeen profesionalen eta amagaien arteko zenbait hartu-emanek zein praxik zalantzak eragiten dituzte gaur.

Munduko Osasun Erakundeak argi dio gomendioetan: laguntzaile baten babes emozionala; profesionalen eskutik ko- munikazio eraginkorra; errespetuzko erditzeen aldeko lana. Pazientearen Autonomiaren Legeak, berriz, jasotzen du mediku prozesuei buruz informatu behar direla emakumeak, eta haiek hartu behar dituztela erabakiak. Espainiako Gobernuak onartu berri duen Abortuaren Legean, bestalde, praxi desegokiak saihestea helburu duten politikak jaso dituzte.

Neurriak ez ezik, ugaritu egin dira gaiari buruzko edukiak, baita eztabaida bera ere, eta argi dago XXI. mendean bide horretan ari dela prozesu obstetrikoa forma teorikoa hartzen; gizartean zerbait mugitzen ari den seinale. Baina garrantzitsuena: azken urteetan, izena jarri zaio muga mehearen bestalde dagoen horri; indarkeria obstetrikoa. Errutinazko esku hartzeen, pazientea ezereztearen eta baimenik gabeko praktiken aurrean, gero eta gehiago dira errespetuzko erditzea, humanoagoa, ahaldunduagoa, eskatzen duten emakumeak eta kontzientziaz ari diren pro- fesionalak. Izan ere, askotan ez da zer egiten den, baizik eta nola egiten den. Eta tunela goxoagoa izan dakioke bi- dean doanari, hura lagunduta sentitu bada.

Bakoitzaren ikuspuntuak koka dezake muga fina, baina marraz bestalde dagoen horri indarkeria hitza aitortzeak korapiloak askatzen lagun dezake. Era berean, ordea, Pandoraren kutxa bilaka daiteke, zorigaitz horiek kontzientean edo inkontzientean gordetzen dituzten profesionalentzat zein emakumeentzat.