INDARKERIA OBSTETRIKOA

"Profesionalei eskua joan zitzaien erditzean"

Ane Olaizola 2022ko eka. 10a, 13:00
(AdobeStock)

Emakume batek modu anonimoan bizi izandako erditzeaz eman duen testigantza da honako hau.

"Bikiez erdi nintzen iaz, Donostia Ospitalean. Hasiera batean, Zumarragan erditu behar nintzen, baina bikiak izanik, ebakuntza gelan egin beharko nuen, Aritz –testigantza honetako izen guztiak asmatutakoak dira– bikotekidearen laguntzarik gabe. Donostian ez dute protokolo berbera jarraitzen, eta beraz, hara jotzea erabaki genuen, han erditze gelan erdi gintezkeelako eta bikoteak bertan egoteko aukera izango zuelako. Aurrez egindako mediku azterketetan, oso ondo irudikatzen ziguten erditzea; izan ere, Luken buruz behera kokatuta nuen sabelean, eta haren goian, horizontalean, Aner zegoen. Beraz, Luken jaiotzen zenean, hark utzitako bidea Anerrek hartuko zuela eta hura ere buruzka jaioko zela aurreikusten zuten medikuek.

Haurdunaldiaren 38. astea igaro nuenez, erditzea induzitu zidaten. Erditze plana egina nuen, baina aurkeztu nienean, atzera bota zuten zuzenean, bikien erditzea izango zela arrazoituta. Segituan poltsa puskatu zidaten, ur zikinak nituelako eta uzkurdurekin hasteko. Martxan jartzen ez nintzenez, oxitozina jarri zidaten, eta epidurala hartzea erabaki nuen gero. Emaginak etortzen ziren bakoitzean, epidural-boloa sartzen zidaten. Ondo nengoela esaten nien haiei, mina jasangarria zela eta gerritik behera ez nuela guztiz lokartuta egoterik nahi. Baina epidurala sartzen zidaten aldiro. Gogoratzen naiz baimenik eskatu gabe beste zerbait sartu zidatela gero, eta zorabiatzen hasi nintzen orduan. Hain justu, une hartan Lukenen bihotz taupadak galtzen hasi zen monitorea. Dilatatuta nengoenez, kanporatzearekin hasteko agindu zidaten. Nik monitorera begiratzen nuen, txikiaren taupadez kezkatuta. Bat-batean, Aritzek erditzea gelditu zuen, eta nik bisturia odolez ikusi nuen. Episiotomia egin zidaten, aurrez kontsultatu gabe. Bigarren bultzadarako, gaizki ari nintzela egiten esan zidaten, eta forzepsak jarrita, Luken atera egin zuten.

Luken jaiota, Anerren txanda zen. Hasierako aurreikuspenak alboratu eta emagin bat tripan bultzaka hasi zitzaidan; ginekologoak, berriz, Anerri hankatik eutsi eta tira egin zion. Saiakera hartan, katigatuta geratu zen Aner; hanka bat kanpoan zuen, eta beste hanka zein gerritik gorakoa, barruan. Ginekologoak, orduan, esku-ohera eraman zuen bere hanka. Eskuak nire baginan sartu zituen, eta palanka eginez, Anerri tiraka hasi zen. Hirugarrengoan-edo jaio zen Aner, baina bihotz taupadak geratuta zituen, eta erreanimatzen hasi ziren.

Une horretaraino konta dezaket nire erditzea, semea suspertzen hasi zirenean, odolusten hasi bainintzen, eta pultsazioak gelditu egin baitzitzaizkidan niri ere. Beti esan izan dugu: bizitza ematera joan ginen, eta ia-ia bizitza kendu ziguten. Bost orduz egon nintzen erreanimazioan, eta tarte horretan, bizirik eta ondo nengoela zen Aritzek nitaz zekien gauza bakarra; nik, berriz, ez nuen semearen berri izan handik atera nintzenera arte.

Gertatutakoaren historial klinikoa dugu etxean, eta horren bidez ziurta dezakegu hainbat maniobra egin zizkidatela erditzean; maniobra gorriak eta Mauriceau, esaterako. Anerri behatzak ahoan sartu zizkioten eta tira egin zioten gero, atera zedin; egin daitekeen maniobrarik arriskutsuenetakoa da hori. Horrez gain, pala batzuk sartu zizkidaten Aner ateratzeko. Bestalde, gehiegi medikalizatu ninduten. Luken jaiotzeko episiotomia egiteko beharrik ez zegoela iruditzen zait, ez zidatelako aukerarik eman bultzatzen jarraitzeko. Era berean, profesionalek tresnak erabili edo maniobrak egin behar baldin badituzte, aurrez adierazi egin behar dute, eta gure kasuan ez zen hala izan. Bizi izan genuenaren aurrean, zalantza bat geratu zaigu: egoera halako larria baldin bazen, zergatik ez zidaten zesarea egin?

Uste dugu profesionalei eskuetatik joan zitzaiela egoera. Hain zuzen, erditzea gidatu zuenak barkamena eskatu zigun gero; erabakiak azkar hartu behar izan zituztela, eta, beharbada, ez zutela behar adina zuzen jokatu esan zigun hark. Bestalde, uneren batean hamabi pertsona zenbatu genituen erditze gela hartan, haietako bi praktiketako ikasleak, inork baimenik eskatu gabe sartu zirenak. Badakigu ez dela ohikoena bikien erditze bat artatzea eta kuriositate handia pizten duela, baina oso zaurgarria sentitu nintzen une hartan.  Bakarrik ere sentitu nintzen, bikotekideari behin eta berriz esaten baitzioten baztertzeko. Egoeraren aurrean, ordea, behar nuen ondoan norbait ezaguna edukitzea.

Izan genuen erditzeak itzal luzea eragin zuen familia osoan. Erditzearen biharamunean, esaterako, Aner ezin genuen besoetan hartu ere egin; ubelduraz beteta zegoen, eta segituan negarrez hasten zen. Hurrengo egunetan ere antzeman egiten zitzaion ezinegona: lo zegoenean, bat-batean, asaldatuta esnatzen zen. Profesional batek esan zigun umeari asko kostatuko zitzaiola jasandakoa gainditzea. Egoerari aurre egiteko eta Anerrek lesiorik ba al zuen jakiteko, asko ordaindu behar izan dugu gure poltsikotik. Ezin hobeto dago umea, baina hilabete asko kezka handiz bizi izan genituen.

Hasieran, zeharo nekatuta egon nintzen; ez nintzen gai ezer egiteko. Botika asko sartu zizkidatenez, kostatu egin zitzaidan esnea igotzea, eta arazoak izan nituen titia ematerakoan ere.

Psikologikoki, banuen trauma bat: ginekologoak eskua sabelaren barruan izan zuen unea gogoratzen nuen, 'lasai, ni naiz' esaten zidan bitartean. Buruan hori nuela, kostatu egiten zitzaidan, esaterako, tanpoi bat sartzea. Horren harira, ospitalean ere ez ziguten laguntza psikologikorik eskaini, eta oso keinu zatarra iruditu zitzaigun hori. Oraindik orain, orban psikologikoak ditut.

Kostatu egin zaigu izandako bizipenez hitz egiten hastea, eta pausoa ematea zaila egin zitzaigun arren, abokatu batengana jo genuen, gure asmoa Osakidetza salatzea zelako. Abokatuak esan zigun, arrazoia eduki izanagatik, alferrik ari ginela, erakunde hori oso babestuta dagoelako eta guztiok onik atera ginelako. Horren aurrean, alboratu egin genuen bide judiziala. Dena den, uste dut bikote dezente sentituko direla gure esperientziarekin identifikatuta. Era berean, eskertuko genuke osasun arloko profesionalek gogoeta ariketa egingo balute, oso ikuspuntu desberdinak izan ditzaketelako haiek eta erditu dutenek. Gauzak pixka bat aldatuta, egoera asko hobetu daitekeela uste dut, behintzat, emakumeak errespetatuak senti daitezen".