Ekonomia sustatzera 450.000 euro bideratuko ditu Azpeitiko Udalak

Anartz Izagirre 2022ko eka. 8a, 15:45
Leire Goenaga eta Nagore Alkorta, plazan, babes sozialerako eta ekonomikorako neurrien liburuxkarekin. (Anartz Izagirre)

Lau laguntza lerro izango dira, eta horietatik zati handiena industria proiektuetara bideratuko dute: 310.000 euro. Aurten, berrikuntza modura, Alde Zaharrean lokal huts bat martxan jartzeagatik urtean 3.000 euro arteko dirulaguntza emango dute, lokala ireki eta hurrengo bost urteetan alokairua ordaintzeko. Horrez gain, sektoreko gremioei eta garraiolariei ere laguntzak emango dizkiete. Urriaren 31 bitartean egin ahal izango dira eskaerak.

Duela aste batzuk, herritarren babes sozialerako eta ekonomikorako 11 laguntza-lerro aurkeztu zituen Azpeitiko Udalak, eta gaur, asteazkena, ekonomia sustapenerako dirulaguntzen xehetasunak azaldu dituzte Nagore Alkorta alkateak eta Leire Goenaga Ogasun batzordeburuak. Alkortak adierazi duenez, 2022ko udal aurrekontuetan 300.000 euroko diru partida zuten zehaztuta ekonomia sustatzeko, baina ordutik gauzak "asko" aldatu direla azaldu alkateak, eta, azkenean, 150.000 euro gehiago bideratuko dituzte zeregin horretara: guztira, 450.000 euro. "Bizi dugun egoera honen aurrean laguntza horiek indartzeko apustua egin dugu, ikusi baitugu hilabete gutxitan gauzak asko aldatu direla. Materialen prezioaren igoerak eta energia krisiak sekulako eragina izan dute norbanakoengan eta ehun ekonomikoan".

Laguntza horiek osatzeko orduan "sektoreen arteko oreka" mantentzen saiatu direla nabarmendu du alkateak, herriko "sare ekonomikoa" osatzen duten eragile guztiek laguntza horiek eskuratzeko aukera izan dezaten. Dena den, ekonomia sustatzeko laguntzen "ardatza industria" dela azaldu du Alkortak.

Lau laguntza lerro

Goenagak ekonomia sustatzeko laguntzen xehetasunak azaldu ditu aurkezpenean, eta, guztira, lau lerro izango dira. Lerro horietako batean, zerbitzuetara eta lehen sektorera bideratutako laguntzak izango dira —100.000 euro—. Zerbitzuenean, bereziki, Ticket Bai sistema ezartzeko laguntza ekonomikoa eskainiko dute, eta hori euskaraz ezartzen bada, %25 gehiago jasoko dute onuradunek. Lerro horretako laguntzen helburua, besteak beste, dauden jarduerak "lehiakorragoak eta berritzaileagoak" izatea da, baita lehen sektorean jarduera berriak ezartzea eta eskualdaketak bultzatzea ere: "Badakigu lehen sektorean arazo handiak daudela jubilazioengatik, baita zerbitzuen sektorean ere, ez baitago jarraipenik jarduera horietan. Eskualdaketa horietarako erraztasunak eta laguntzak eman nahi ditugu", azaldu du Goenagak.

Era berean, energia berriztagarrien eta efizientzia energetikoaren arloan egiten diren inbertsioak laguntzea ere badu xede erakundeak; besteak beste, auditoretzak egitea, kontsumoa jaisteko inbertsioak egitea eta abar diruz lagunduko dituzte. Horrez gain, aurten berrikuntza moduan, Alde Zaharreko lokal hutsak martxan jartzen dituztenei alokairua ordaintzeko laguntza emango diete. Lokala ireki eta hurrengo bost urteetan jasoko lukete laguntza hori onuradunek, urtean 3.000 euro inguru gehienez. Goenagak nabarmendu duenez, laguntza hori jasotzeko ez dago negozio berria eduki beharrik.

Bestalde, industria proiektuetara bideratuko dute partidaren zati handiena; hain zuzen ere, guztira, 310.000 euro eskainiko dituzte industria proiektu estrategikoetarako eta berritzaileetarako nahiz sektoreko gremioei eta garraiolariei laguntzeko. Lerro horretan eraikuntza sektoreko enpresa txikiei eta ertainei bideratutako laguntza eskaintzea da gakoetako bat: iturginei, arotzei, elektrikariei... Horien lehiakortasuna bultzatzea izango da helburuetako bat. "Egia da horien inbertsioak ez direla enpresa industrialek egiten dituzten inbertsioen adinakoak, baina diruz lagunduko dira instalazioak egokitzeko lanak, digitalizazioa bultzatzekoak...". Horrez gain, garraiolariei eskainiko dieten laguntzan ere egin du azpimarra Ogasun batzordeburuak: "Garraiolarien gastuetan sekulako igoera izan da, eta sektoreko autonomoei eta hogei langiletik beherako enpresei 1.500 euroko laguntza zuzena emango zaie". Horretarako, hainbat baldintza bete beharko dituzte onuradunek; esaterako, urtarriletik ekainera bitartean 5.000 eurotik gorako erregai kontsumoa justifikatu beharko dute.

Ekintzailetasuna eta langabetuen kontratazioa

Ekonomia sustazeko laguntzen beste bi lerroak, berriz, ekintzailetzara eta langabetuen kontrataziora egongo dira bideratuta. Ekintzailetasuna sustatzera 65.000 euro bideratuko dituzte, eta helburua da "ideia berriak dituztenei" laguntza eskaintzea negozioa martxan jarri ahal izateko. Gainera, jarduerak "izaera soziala" badu edo kooperatiba bada, 5.000 euro gehiago jasoko dituzte onuradunek.

Langabetuak kontratatzeko laguntzetarako, berriz, 75.000 euroko diru partida dute aurreikusita. Alkateak nabarmendu duenez, %7,3 da herriko langabezia tasa —Gipuzkoaren eta EAEren batez bestekoaren azpitik—, baina desberdintasun handia dago emakumeen eta gizonen artean. Izan ere, %5,2 da gizonen langabezia tasa, eta %9,7 emakumeena; hau da, lau puntutik gorako aldea dago bataren eta bestearen artean. Langabeziari aurre egiteko, beraz, lanik gabe daudenen kontratazioa diruz lagunduko du udalak, eta hori kalkulatzeko aintzat hartuko dute nolakoa den kontratua —aldi baterakoa, mugagabea, lanaldi osokoa edo zati batekoa...—. Esaterako, formakuntza eta praktiketako kontratuengatik %25 gutxiago jasoko dute enpresek.

Emakumeen eta gizonen arteko langabeziaren arrakalari aurre egiteko, berriz, %25 igoko da laguntza industria sektorean emakumeak kontratatzen badira. Era berean, 45 urtetik gorako pertsonen kontratazioa ere %25 gehiago ordainduko da, horien lan merkaturatzea bultzatzeko xedez.

Dirulaguntza deialdia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (GAO) argitaratzen den unetik aukera izango da eskaerak aurkezteko. Izapideak egiteko azken eguna urriaren 31 izango da.