Gaztetxoen antzerki tailerreko emanaldiak izango dira ostiralean

Ihintza Elustondo 2022ko eka. 8a, 09:00
'Bizitzaren koloreak' antzezlaneko aktoreak, entsegu batean. (Ihintza Elustondo)

Ikasturte honetan antzerki tailerrean aritu diren lau taldek antzezlan bana taularatuko dute ostiralean, 18:30ean hasita, Sanagustin kulturgunean. Xanti Agirrezabalak eta Alaitz Olaizolak gidatu dituzte saioak, eta obra bakoitzak zer kontatzen duen azaldu dute.

Azpeitiko gaztetxoen antzerki tailerrak emanaldia prestatu du ikasturte bukaerarako. Hain zuzen ere, lau talderen antzezlanak ikusi ahal izango dira ostiralean, ekainak 10, 18:30ean hasita, Sanagustin kulturgunean. Antzerki tailerreko kideek ezin izan dute herritarren aurrean emanaldirik egin azken bi urteotan, eta gogotsu daude aktoreak ostiraleko hitzordurako. Iaz gurasoei zuzenduta soilik egin zuten ikasturte amaierako emanaldia, Dinamoan, eta orain, beren lana herriratzeko pausoa emango dute berriro.

Ikasturte honetan antzerki tailerrean aritu diren lau talde horietako bi Xanti Agirrezabalak gidatu ditu, eta beste biak Alaitz Olaizolak. Agirrezabalaren ikasleek bi antzezlan taularatuko dituzte ostiralean: Zirku eta Urte berri on. Lehen emanaldian 7 eta 10 urte bitarteko gaztetxoek parte hartuko dute, eta gainbeheran dagoen zirku baten istorioa kontatuko dute. "Zirku horretara bi artista berrik haize freskoa ekarriko dute, eta horrela, berriro jaioko da ikuskizuna", azaldu du Agirrezabalak. Urte berri on antzezlanean, bestalde, 10 eta 12 urte bitarteko ikasleak izango dira protagonista. "Urte zahar gau batean, familia perfektu bat ematen duenaren barruko gatazkak azaleratuko dira. Koadro ospetsu bat daukate etxean, eta argia joaten den une batean, koadro hori lapurtuko du familiako norbaitek. Orduan sortuko da trama", adierazi du Agirrezabalak.

Bestalde, 11 eta 20 urte artean dituzte Olaizolaren ikasleek. Beren ideietatik sortutako eta "zientzia fikzio ukitua" duten bi lan aurkeztuko dituzte horiek: Bizitzaren koloreak eta Espazioko itsasoetan. Lehen obrak bi mundu ezberdinez hitz egiten du: "Jo dezagun bi mundu daudela eta biak elkarren artean oso desberdinak direla. Momentu batean, topo egiten dute bi mundu horiek, eta hor sortuko da talka. Talka al da? Edo ez al da? Nora garamatza horrek?", hala azaldu du obraren muina Olaizolak. Espazioko itsasoetan obran, berriz, piratak eta espazioa aurki daitezke. "Bi taldetan banatuta egongo dira pertsonaiak: Artelis eta Orbelis izeneko taldeetan. Espazioan zehar zoazela, zer gerta daiteke zure etsairik handienarekin topo egiten baldin baduzu?", airean utzi du galdera Olaizolak.

Guztira, ordu eta erdi inguruko emanaldia izango da ostiralekoa. Aspaldian gazteen antzerkia ikusteko aukerarik egon ez dela eta, Olaizolak eta Agirrezabalak herritarrak animatu dituzte saiora.