Ikusgai izango dira ostiraletik XL. Euskal Antzerki Topaketak iragartzeko kartel proposamenak

Anartz Izagirre 2022ko eka. 7a, 14:44
XXXIX. Euskal Antzerki Topaketen kartel lehiaketara aurkeztu ziren lanen irudi bat. (Azpeitiko Udala)

Lehiaketara aurkeztutako lan guztiak izango dira ikusgai ostiraletik ekainaren 19ra bitartean, Betharrameko erakusketa aretoan. Astelehenetik ostiralera, 18:00etatik 20:00etara egongo da irekita, eta larunbatetan zein igandeetan, 12:00etatik 14:00etara. Botoa emateko aukera izango dute ikusleek.

Bost hilabete falta dira XL. Euskal Antzerki Topaketetarako, eta horiek iragartzeko kartela hautatzeko prozesuak aurrera jarraitzen du. Dagoeneko amaitu da kartel proposamenak bidaltzeko aukera, eta, orain, aurkeztutako lan guztiak ikusgai jarriko dituzte Betharrameko erakusketa aretoan. Ostiral honetan, ekainak 10, irekiko dute erakusketa, eta ekainaren 19a bitartean izango da lanak ikusteko aukera. Astelehenetik ostiralera, 18:00etatik 20:00etara bitartean egongo da irekita erakusketa aretoa, eta larunbatetan zein igandeetan, 12:00etatik 14:00etara.

Udalak jakinarazi duenez, herritarrek beren gustuko kartelaren aldeko botoa emateko aukera izango dute. Erakusketa irekitzeko Arte eta Diseinu ikastegiaren laguntza izan du erakundeak.

XXXIX. Euskal Antzerki Topaketen kartel lehiaketa Maialen Azkue zarauztarrak irabazi zuen. Epaimahaiak "aho batez" erabaki zuen irabazlea, eta 900 euroko diru saria jaso zuen hark.