Gaztelekuko azken festa egingo dute ostiralean Izarraizko Atean

Maialen Etxaniz 2022ko eka. 7a, 09:40
Gaztelekuko artxiboko irudia.

Festa Izarraizko Atea parkean egingo duten arren, 16:30ean jarri dute hitzordua anbulatorio aurrean, hara kalejiran joateko. Bertsoak, Gazteak eta musika egitasmoaren bigarren saioa, DJ Bonbaxen emanaldia, rap musikarien kontzertua eta Deñe Garcia Bravoren eta Eider Sanchezen zuzenekoa izango dira ostiralean, besteak beste. 

Azpeitiko Gaztelekuko erabiltzaileak ikasturteko azken festa antolatzen aritu dira azken asteotan, eta dagoeneko dena prest dute. Ostiralean, ekainaren 10ean, egingo dute jaia Izarraizko Atea parkean. Egun horretarako askotariko ekintzak prestatu dituzte, kultura eta aisialdia uztartuz. 

16:30ean jarri dute hitzordua anbulatorio aurrean, handik Izarraizko Atera kalejiran joateko. Behin parkera iritsita, 17:00etan, bertsoekin emango diote hasiera azken festari. 17:30ean Gazteak eta musika II egingo dute, aurrez egindako saioari jarraipena emanez. Bertan Azpeitiko musika taldeei elkarrizketak egingo dizkiete Gaztelekuko kideek. Ondoren, 18:30ean, rap kontzertua eskainiko dute Josu Iraolak eta Checboyzek. Jarraian, DJ Bonbaxen txanda izango da, eta Aratz Azkue arduratuko da musika jartzeaz. Mokadua egiteko tartea hartuko dute ondoren, eta festari itxiera emateko kontzertua eskainiko dute Deñe Garcia Bravok eta Eider Sanchezek. 

Gaztelekuko erabiltzaile eta hezitzaileak lan eta lan dabiltza ostiraleko ekintzak prestatzen, eta jaian parte hartu nahi edo antolakuntza lanetan aritu nahi dutenak azken festara bertaratzera animatu dituzte.