Ignaziotar Lurraldea Internet bidez bisitatzeko tresna sortu dute

Julene Frantzesena 2022ko eka. 3a, 13:01
Nagore Alkorta Iraurgi Berritzeneko presidentea, Iker Goiria Gipuzkoako Foru Alundiko Turismo zuzendaria eta Ignacio Etxarte Loiolako Santutegiko erretorea. (Gipuzkoako Foru Aldundia)

Ignaziotar Lurraldea 360 izena du proiektuak, eta eremu horretan kokatuta diren hiru baseliza eta santutegi ikus-entzunezko esperientzia baten bidez bisitatzeko aukera dago Interneten. Kalitate handiko argazkien bidez gauzatu ahal izango da on line bisita. Gaur aurkeztu dute proiektua Gipuzkoako Foru Aldundiak, Iraurgi Berritzenek eta Loiolako Santutegiak.

San Inazioaren konbertsioaren V. mendeurrena dela eta, Ignaziotar Lurraldea sustatzeko tresna digital berri bat aurkeztu dute Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo Zuzendaritzak eta Iraurgi Berritzen garapen agentziak. Ignaziotar Lurraldea 360 izena du proiektuak, eta hain zuzen ere, eremu horretan kokatuta diren hiru baseliza eta santutegi –Zumarragako Antigua ermita, Arantzazuko Santutegia eta Loiolako Santutegia– on line bisitatu ahal izango dira, ikus-entzunezko esperientzia bat tarteko. Kalitate handiko argazkien bidez egin ahal izango da Internet bidezko bisita.

Ignaziotar Lurraldea 360 tresna Emovere enpresak garatu du, era Uxue Montero enpresa horretako kideak azaldu duenez, zortzi hilabetez aritu dira lanean. Epe horretan 16.600 argazki atera dituzte, 172 kilometro koadroko eremuan dagoen kultur ibilbideko bost gune digitalizatzeko. "Punta-puntako teknologia erabili dugu ondare baliabide horiek zehaztasun handiz irudikatzeko". Hark nabarmendu duenez, tresna "erraz eta intuitiboa" egin nahi izan dute. "Kokapen bakoitzak obrak, historia, eta kasu batzuetan, musika emanaldiak azaltzen dituzten testuak ditu".

Tresna baliotsua

Gaur aurkeztu dute proiektua Donostian, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzan, eta han izan dira, besteak beste, Iker Goiria Gipuzkoako Foru Alundiko Turismo zuzendaria, Nagore Alkorta Iraurgi Berritzeneko presidentea eta Azpeitiko alkatea nahiz Ignacio Etxarte Loiolako Santutegiko erretorea.

Goiriak azaldu duenez, proiektua erakunde horren "lan ildo garrantzitsuenen aldeko apustuaren" adibide garbia da: "Eskualdeen eta administrazioaren arteko lankidetza; turismo eskaintzaren eraldaketa digitala; eta bisitarien fluxuen banaketa lurraldean". Ignaziotar Lurraldea 360 proiektuak Gipuzkoako ondare historikoaren eta kultur ondarearen balioa nabarmentzen duela esan du. "Plano turistikoa gainditzen duen zerbait da, gure balioak eta historia munduari aurkezten dizkion proiektua da". Bestalde, proiektuak hiru interesgune horietara iristeko aukerarik ez duenari ondareaz gozatzeko aukera eskaintzen diola ere esan du.

Alkortak, berriz, Gipuzkoa Turismoaren estrategiarekin "erabat bat" datozela esan du, "turismo iraunkorrarekin konprometituta" daudelako. "Une egokia zen kontsumo digitalaren ohitura berrietara egokitzeko, eta horrela, publiko berriengana iristeko. Proiektu honek kultura, ondarea, natura eta nortasuna batzen ditu, euskararekin batera, lurralde gisa irudikatzen gaituztenak". Bestalde, sortu duten tresna digitalaren "izaera atenporala" nabarmendu du Iraurgi Berritzeneko presidenteak. "Gure ekarpena da Ignaziotar Urtea bezalako ospakizunetarako, baina ospakizunen esparrua gaindituta, haztea eta denboran irautea da proiektuaren helburua".

Etxartek, bere aldetik, Inazio Loiolakoak gaur egun duen "erakarpen indar handia" azpimarratu nahi izan du, mundu guztiko pertsonak eta taldeak erakartzen dituelako haren historiak. "Ospakizun berezi honen barruan, Ignaziotar Lurraldearen inguruko esperientzia berri batera hurbiltzeko unea da, eta hurbildu nahi duten pertsoan guztientzat topagune bihurtzeko unea".