'Burujabetzaren bidetik' liburua aurkeztu du Ion Muñoak

Aritz Mutiozabal 2022ko eka. 2a, 11:41
Ostiraleko aurkezpenean parte hartu zuten kideak –ezkerretik bigarrena da Muñoa–. (Oreki Fundazioa)

Azpeitiko bizilaguna Deustuko Unibertsitateko irakaslea da, eta Andoni Izagirre Mondragon Unibertsitateko irakaslearekin batera koordinatu du lana. Euskal esperientzia historikoaren zentzua gaurkotu nahi izan dute, Euskal Herriaren etorkizunari begira.

Burujabetzaren bidetik. Bakoitzak urraturik berea, denon artean geurea liburu kolektiboa
aurkeztu zuen Oreki fundazioak joan zen ostiralean, Hernaniko Orona fundazioaren areto nagusian. Ion Muñoa Deustuko Unibertsitateko irakasle eta Azpeitiko bizilagunak nahiz Andoni Eizagirre Mondragon Unibertsitateko irakasle zarauztarrak koordinatu dute liburua, eta haiek adierazi zutenez, "talde lan luze eta emankor baten emaitza" da lana. Liburuaren jatorria 2018an egindako herrigintzari buruzko mintegi bat da, eta hango gogoetetatik tiraka ondu dute proiektua. Sarrera eta epilogoa beraiek idatzi dituzte, baina gainerakoan, 22 egileren idatziz osatuta dago bilduma; hau da, "izaera eta ezaugarri ezberdinetako ekarpenez".

Eizagirrek liburuan jasota dauden ideia nagusiak azaldu zituen aurkezpenean, eta hark azpimarratu zuenez, "liburuak euskal esperientzia historikoaren zentzua gaurkotu nahi du, egungo eta etorkizuneko erronkei argi egiteko asmoz". Haren esanetan, "gure aurrekoei arreta ipiniz gero, badira ikasgai on askoak, gurea bezalako ziurgabetasun giroan gizatasunez nola
jokatu erakusten digutenak". Gaineratu zuenez, "XXI. mendeak ez luke zertan ezberdina izan.
Gaur egunean ere hurbilketa konparatzaileak berresten digu oparotasun handieneko
eskualde eta herrialdeetan pertsonaren balioak, araubideak eta portaerazko jarraibideak
zeinen garrantzitsuak diren berrikuntza, ongizatea eta kohesioa herribideratzeko".

Horiek kontuan hartuta, Eizagirrek adierazi zuen "euskaldunok besteei entzuteko eta besteetatik ikasteko bokazioa izan dugu, bai eta gurea ulertu eta berritzekoa ere" eta horregatik, bere hitzetan liburu honetara "aurrekoei entzun, zentzua eman eta gaurkotzeko gogo-aldarte gizatiarrak ekarri gaitu". Egilearen ustez, liburuan agerian geratzen da "gerogintzaren asmotan, esperientziaren zentzutik asko ikas genezake, ostera ere etorkizuneko galdera, erronka eta zeregin berrien aurrean gure burubide eta jokabideek gizabidez eta eskuzabaltasunez arituta guztiontzat erantzunak bilatzen jarraitu dezaten".