Sanjuandegiko festak 2022

Mantangorriren zain dira denak

Anartz Izagirre 2022ko eka. 1a, 14:06
2022ko Sanjuandegiko Umeen Eguneko irudi bat. (Ihintza Elustondo)

Umeen Egunarekin motorrak berotuta, Sanjuandegin gaur ekingo diete festei bertso afariarekin. Ostiralean, Mantangorriren etorrerarekin, jai giro betean murgilduko dira, eta asteburu osoan zehar hamaika ekitaldi izango dira herritarren gozamenerako.

Sanjuandegin festa giroa nagusitu zen joan den asteburuan Umeen Egunean, eta auzoko zein inguruko haurrek eta gaztetxoek azken bi urteetako hutsunea ederki enpaztu ahal izan zuten bazkariarekin, Iago Magoren ikuskizunarekin eta eguerdian zehar egin zituzten hainbat jolasekin. Gainera, azken edizioan baino jende gehiago elkartu ziren Umeen Egunean: 400 pertsona, gutxi gorabahera. Antolatzaileak pozik agertu ziren emaitzarekin, normalean 200 bat umek ematen baitute izena. Igandekoa aste honetan auzoan izango den festaren hasiera besterik ez zen izan, gaurtik hasita jai giro bete-betean murgilduko baitira Sanjuandegin.

Festak behar bezala hasteko bertso afaria izango da gaur Baigera II jatetxean. 21:00etan hasita, Andoni Egaña, Nerea Ibarzabal eta Oier Etxeberria arituko dira kantuan. 25 euro ordaindu beharko da ekitaldirako txartela, eta Jim Clarken, Orkatzen nahiz Baigeran bertan eskuratu ahal izango dira horiek. Gaurtik hasita, gainera, jai giroak ez du etenik izango igandera bitartean, eta bihar Kantu Jira eta pintxopoteoa izango dira 19:00etan hasita. 21:00etan, berriz, mus txapelketa izango da Ongi Etorri jatetxean, eta 22:00etan, Esanezin eta Loco Pirata taldeek kontzertua eskainiko dute auzoan. Era berean, bihar barraketan prezio merkeagoak izango dira herritarrentzat; hain zuzen ere, txartel bakoitza euro batean erosi ahal izango da 17:00etatik 21:00etara bitartean. Gainera, musikarik gabeko ordutegia ere izango da barraketako gunean, Marea Urdinaren eta Azpeitiko Udalaren elkarlanari esker. Aniztasun funtzionala duten pertsonentzako une egokiagoak sortzeko xedez ezarri dituzte musikarik gabeko tarteak: bihar ez da musikarik izango epaitegiaren aurreko plazan, eta ekainaren 4an eta 5ean, berriz, goizetik 18:00etara arte kenduta izango da musika.

Etenik gabeko festa

Jaietako egunik indartsuenak, ohi bezala, ostirala –Gazte eguna–, larunbata –Auzo eguna– eta igandea izango dira Sanjuandegin, eta herritar guztientzako aukera zabala prestatu dute aurtengorako ere XJ Auzolaneaneko kideek. Berrikuntza moduan, auzoko skate parkeari agurra egingo diote etzi, 15:00etan hasita. Eta ordu batzuk geroago, 19:00etan, bi urtez auzoan agertu ezinik ibili den Mantangorriri ongietorria egingo diote Jose Antonio Agirre plazan. Egun horretan musikak eta dantzak ere izango dute lekua egitarauan; izan ere, urtero egin ohi duten areto dantzen ikuskizuna izango da herritarren gozamenerako, eta karpan hiru musika talderen kontzertuak izango dira iluntzean, baita DJen emanaldiak ere. Gazte afarirako txartelak hamabost euroren truke eros daitezke, Jim Clarken, Orkatzen eta Baigera jatetxean.

Larunbatean, bestalde, Auzo eguna egingo dute festekin jarraitzeko, eta xake txapelketarekin hasiko dira ekintzak, 10:30ean. Horren ostean, judo erakustaldia eta Azpeitiko Udal Musika Bandaren kontzertua izango dira, eta 15:00etan auzo bazkaria egingo dute. Otordu horretarako txartelak hamabi euroren truke eskura daitezke, beste otorduen txartelak salgai dauden taberna berberetan. Arratsaldean jarraituko du festak, eta aurten lehen aldiz Gazteen I. Patata Tortilla Lehiaketa egingo dute, 17:00etan —dagoeneko itxita dago izena emateko epea—. Ordu berean, VIII. Trikiti Txapelketa ere izango da. Ostiralean bezala, larunbatean ere musika izango da protagonista iluntzean; 19:00etan Skapaie elektrotxarangaren emanaldia izango da, eta 20:00etan izango den parrilladaren ostean, In Your Face eta Mc Onak taldeen kontzertuak izango dira; Aztakol DJaren emanaldiak itxiko du egitaraua.

Horrez gain, igandean, festen azken egunean, ez da aspertzeko betarik izango, eta jai girorako indarrekin jarraitzen duten herritarrek sekulako aukera izango dute Sanjuandegin goizean goizetik hasita. Besteak beste, 07:00etan zezena izango da, eta eguerdian dantzari txikien erakustaldia eskainiko dute. Arratsaldean, berriz, zezen txikiak eta herri kirol erakustaldia izango dira, eta 20:00etan, Mantangorri agurtuko dute datorren urteko jaietara arte.

Indarkeriarik ez

Emakumeen Txokoaren bitartez, indarkeria matxistarik gabeko gunea jarriko dute ostiralean, Baigera II jatetxearen aurrean. Emagin elkarteko kideak izango dira bertan hainbat baliabide eskaintzen, 18:00etatik 02:00etara, "espazio publikoak emakume* eta LGBTIQ+ pertsonentzat seguruak izan daitezen".

Hona hemen Sanjuandegiko jaietako egitarau osoa:

Gaur, asteazkena

  • 21:00. Bertso afaria Baigera IIn. Andoni Egaña, Nerea Ibarzabal eta Oier Etxeberria ariko dira kantuan.

Bihar, osteguna

  • 19:00. Kantu Jira eta pintxo poteoa.
  • 21:00. Mus txapelketa Ongi Etorri jatetxean.
  • 22:00. Iluntze musikatua: Esanezin eta Locopirata taldeen kontzertuak.

Etzi, ostirala (Gazte Eguna)

  • 15:00. Kafea eta auzolana.
  • 15:00. Skate parkeari agurra.
  • 19:00. Mantangorriren etorrera.
  • 19:05. Kalejira buruhandiekin, erraldoiekin eta trikitilariekin.
  • 20:00. Batukada.
  • 21:00. Gazte afaria.
  • 23:00. Areto dantzen emanaldia.
  • 23:00. Rodeo, No Place eta Laket taldeen kontzertuak karpan.
  • 23:00. Natx, B2B, Meritron, P4ul, B2B, Kanpax, Enesound eta Jos_U, txosnan.

Ekainak 4, larunbata (Auzo Eguna)

  • 10:30. Xake txapelketa.
  • 11:00. Judo erakustaldia.
  • 13:00. Udal Musika Bandaren kontzertua.
  • 13:30. Triki-pintxo-poteoa.
  • 15:00. Auzo bazkaria.
  • 17:00. VIII. Trikiti Txapelketa.
  • 17:00. Gazteen I. Patata Tortilla Lehiaketa.
  • 18:30. Txokolatada.
  • 19:00. Skapaie elektrotxaranga.
  • 19:00. Erraldoiak eta buruhandiak.
  • 20:00. Parrillada, Kontseilu Sozialistaren eskutik.
  • 22:00. In Your Face eta McOnak taldeen kontzertuak, eta ondoren, Aztakol DJa karpan.

Ekainak 5, igandea

  • 06:00. Txokolatada eta zumba.
  • 07:00. Zezena.
  • 09:00. Salda.
  • 12:00. Dantzari txikien emanaldia.
  • 16:30. Zezen txikiak.
  • 18:30. Herri kirolak.
  • 19:45. Poteko mantangorri zenbaketa.
  • 20:00. Mantangorriri agurra.