Enpresa txiki eta ertainentzako laguntza planaren berri emango du Jaurlaritzak Basazabalen

Anartz Izagirre 2022ko eka. 1a, 08:30

Datorren ekainaren 9an, osteguna, izango da aurkezpena Basazabal jauregian. Urola Erdiko enpresek saioan parte hartu ahal izango dute, eta horretarako izena eman beharko da 943-85 11 00 telefonora deituta, info@iraurgiberritzen.eus helbidera idatzita edo Iraurgi Berritzenen webgunean sartuta. Hainbat erakunde izango dira saio horretan, tartean, Iraurgi Berritzen.

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailak, Iraurgi Berritzenekin lankidetzan, enpresa txiki eta ertainentzako 2022ko laguntza plana aurkeztuko du datorren ekainaren 9an, osteguna, Basazabal jauregian. Plan horrek 74 programa biltzen ditu, eta 600 milioi euro baino gehiagoko aurrekontua du. Laguntza horien bitartez ekonomia suspertzea eta enplegua sortzea dira Jaurlaritzaren helburu nagusiak, eta garapen inklusiboaren eta jasangarriaren garrantzia ere nabarmendu du erakundeak.

Aurkezpen horretan parte hartu ahal izango dute Urola Erdiko enpresek, eta horretarako aurrez izena eman beharko dute. Hiru modu daude saioan inskribatzeko: 943-85 11 00 telefonora deituta, info@iraurgiberritzen.eus helbidera idatzita edo Iraurgi Berritzenen webgunean sartuta. 09:30etik 11:30era izango da saioa, eta hainbat erakundetako ordezkariek parte hartuko dute bertan hizlari moduan: Aitor Urzelai SPRI taldeko zuzendaria, Leyre Madariaga Eraldaketa Digitalaren eta Ekintzailetzaren zuzendaria, Ana Camacho Industriaren eta Energia Trantsizioaren zuzendaria, Ainhoa Ondarzabal BTI- Euskadiko Nazioartekotze Agentziako kontseilaria, Iñigo Ansola Energiaren Euskal Erakundearen zuzendaria, Alex Boto Ihobeko zuzendaria eta Raul Perez Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendaria. Horrez gain, Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak eta Iraurgi Berritzeneko presidenteak ere parte hartuko du saioan. 

Laguntza planaren aurkezpenaren ostean, enpresek networking-a egiteko tartea ere izango dute. Hori amaitzean, berriz, tokiko enpresa bat bisitatuko dute.

Proiektuak babestea xede

Basazabalen egingo duten ekitaldiaren funtzio nagusia "sortzen ari diren aukerak aprobetxatzeko gai diren proiektuak babestea" dela adierazi du Jaurlaritzak, eta jakinarazi du I+G+b programetara eta trantsizio energetikora bideratuko dutela laguntzen %70. Laguntza horien berri Araba, Bizkai eta Gipuzkoako enpresa guztiek izan dezaten, Azpeitian egingo duten aurkezpenaren modukoak egingo dituzte beste hainbat herritan ere, eta jardunaldi guztiak aurrez aurrekoak izango dira.