Agirre Etxe harategiak irabazi du Gipuzkoako I. Hanburgesa Artisau Lehiaketa

Ihintza Elustondo 2022ko mai. 28a, 20:10
Gipuzkoako I. Hanburgesa Artisau Lehiaketaren irabazleak, sari banaketa ekitaldian.

Guztira, 21 harakinek parte hartu dute txapelketan, eta horietatik bost izan dira azpeitiarrak. Otamendi harategia sailkatu da bigarren, eta Azpeitiko Lopene harategia hirugarren. Garagardo artisauaz ere gozatu ahal izan dute herritarrek. Bildutako dirua gerrak kaltetutako pertsonentzako materiala erostera bideratuko dute.

Gipuzkoako I. Hanburgesa Artisau Lehiaketa egin dute gaur Azpeitian, Azpeitiko Udalak, Ederto Gipuzkoako harakinen elkarteak eta Dendartean Gipuzkoako merkatari elkarteen bilkurak antolatuta. Guztira, 21 harakinek parte hartu dute txapelketan, eta horietatik bost izan dira azpeitiarrak –Elikagunea, Lopene, Manuel, Odriozola eta San Sebastian–. Epaimahaiak partaide guztien hanburgesak probatu ostean, honako erabakia hartu du: Agirre Etxe harategia izan da irabazlea, Otamendi harategia sailkatu da bigarren, eta Azpeitiko Lopene harategia hirugarren.

Lehen aldiz egin dute txapelketa Azpeitian, eta ikusmina sortu du. Harakin bakoitzak bere hanburgesa aurkeztu du txapelketara, eta sukaldariek denak modu berean prestatu dituzte. Ondoren, Leire Beristain Edertoko kideak, Ander Ugarte Azpeitiko Udaleko zinegotziak eta Julen Galarraga sukaldariak dastatu dituzte hanburgesa horiek, eta haiek emandako botoen bidez hartu da azken erabakia.  Epaimahaiak hanburgesaren itxura, testura, kolorea, zaporea, bertakotasuna nahiz produktuen konbinazioa baloratu ditu.

Dastaketa ere bai

Lehiaketa tarteko, herritar guztiek izan dute hanburgesak dastatzeko aukera, 18:00etatik aurrera. Banatu dituzten hanburgesak lehiaketara aurkeztutako okelarekin eginak izan dira, eta ogi artean eta bakoitzak nahi dituen osagaiekin –gazta, tipula potxatua, ketchupa, mahonesa...– zerbitzatu dituzte horiek. Janariaren osagarri gisa, garagardo artisauaz ere gozatu ahal izan dute herritarrek. Izan ere, Euskal Herriko bost garagardo ekoizleren produktuak izan dira dastagai: Atala Brewing, Baobeer, Iparra, Mitika eta Izar-Haitz. Gainera, arratsaldean ez ezik, garagardo horiek probatzeko aukera izan da 12:00etatik 14:30era bitartean ere.

Lehiaketak nahiz dastaketak ikuspuntu solidarioa izan dute. Izan ere, bildutako dirua gerrak kaltetutako pertsonentzako materiala erostera bideratuko dute. "Bertako harakinen zein garagardo ekoizleen produktuak ezagutuz, gerraren gordintasuna pairatzen dutenei iritsiko zaie ekarpena", azaldu dute antolatzaileek.