Gure Eskuk lokala zabalduko du gaur

Ihintza Elustondo 2022ko mai. 27a, 11:36

Pirinioetako Bidea egitasmoan izena emateko aukera izango da gunean, eta kamisetak ere salduko dituzte. Foru Ibilbideko udal erakusketa aretoan irekiko dute lokala, asteartetik ostiralera, 18:00retatik 20:00etara, eta larunbatetan, 11:00etatik 13:00etara. 

Azpeitiko Gure Eskuk lokala zabalduko du gaur, ostirala, Foru Ibilbideko udal erakusketa aretoan. Pirinioetako Bidea egitasmoaren antolaketan murgilduta dabiltza Gure Eskuko kideak, eta horri indarra emateko helburuarekin ireki dute gunea. Hain zuzen ere, izen ematea online egin ez dutenek, aurrez aurre egiteko aukera izango dute gunean. Gaur arratsaldean zabalduko dute lokala, eta aurrerantzean, asteartetik ostiralera, 18:00retatik 20:00etara eta larunbatetan 11:00etatik 13:00etara izango da irekita, uztailaren 2ra bitartean. Kamisetak ere salduko dituzte bertan.

Pirinioetako Bidea egitasmoa urtarrilean aurkeztu zuten Gure Eskuk eta Kataluniako hainbat eragile sozialek –ANC eta FEEC dira sustatzaileak eta Omnium Cultural zein Artistes de la Republica laguntzaileak–. Autodeterminazio eskubidea lau haizetara zabaltzea da ekintzaren asmoa, eta horretarako, Pirinioetako 300 tontor argiztatuko dituzte uztailaren 2an, Hondarribiako (Gipuzkoa) Higer lurmuturretik Kataluniako Creus lurmuturrera argi lerro bat osatuz. "Pirinioetako Bidea argiztatuz, nazioarteko komunitatearen arreta geureganatuko dugu herrion autodeterminazio eskubidearen alde", azaldu dute egitasmoaren sustatzaileek.

300 tontorretatik 115 euskal herritarrek argiztatuko dituzte; zehazki, Jaizkibel (Gipuzkoa) eta Benasque (Aragoi) artekoak. Gailur horiek, gainera, bitan bereizi dituzte: gailur berdeak izango dira batzuk, eta gailur gorriak besteak. Igoeraren eta jaitsieraren, ibilbidearen, maldaren eta sarbidearen ezaugarrien arabera egin dute bereizketa, eta antolatzaileek zehaztu dutenez, gailur berdeak herritar ia guztientzat dira irisgarriak. Gailur gorriak, berriz, zailtasun handiagoko tontorrak dira, "eskarmentu handiko mendizaleentzat" egokiak.

Azpeitiarrak Larhunera

Gailur berdeak Euskal Herriko herrien artean banatu dituzte, eta Azpeitiko biztanleek mendi jakin batera igo beharko dute uztailaren 2an: Larhunera (905 metro), hain zuzen ere. Lapurdiko mendi horretara joango dira, azpeitiarrak ez ezik, errezildarrak eta beizamarrak ere. Dena den, hala nahi dutenek gailur gorrietan izena emateko aukera ere badute, eta antolatzaileek azaldu dutenez, dagoeneko mendi batzuetan bete da izen ematea. 

Gailur berdeetan nahiz gorrietan izena eman nahi dutenek, Gure Eskuren lokalean ez ezik, lotura honetan ere badute horretarako aukera, eta antolatzaileek herritarrak animatu dituzte egitasmoan parte hartzera.