Udalak 360.000 euro bideratuko ditu gizarte larrialdiko dirulaguntzetara

Leire Goenaga eta Nagore Alkorta, dirulaguntzak aurkezten. (Ihintza Elustondo)

Larrialdi egoeran bizi diren herritarrei oinarrizko beharrak asetzen lagunduko die erakundeak partidarekin. Elektrizitatearen nahiz gasaren gastuetara bideratutako diru kopurua handitu dute aurtengoan. Urte osoan zehar eska daitezke laguntzak. 

Azpeitiko Udalak maiatzaren hasieran aurkeztu zituen herritarren babes sozial eta ekonomikorako 11 laguntza lerroak, eta neurri horietatik "garrantzitsuenak" azaldu dituzte gaur: gizarte larrialdiko udal laguntzak, hain zuzen ere. Horien helburua larrialdi egoeran bizi diren herritarrei oinarrizko beharrak asetzen laguntzea da, eta udalak aurtengoan 360.000 euro bideratuko ditu horietara. Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak eta Leire Goenaga Gizarte Zerbitzuetako batzordeburuak eman dituzte laguntza horien gaineko xehetasunak.

Alkateak azaldu duenez, gizarte larrialdiko dirulaguntzak Eusko Jaurlaritzaren eskumenekoak dira berez, baina udalak kudeatzen ditu. Alkortaren arabera, Jaurlaritzak jartzen duen partida ez da "nahikoa" izaten Azpeitiko herritarren beharrei erantzuteko, eta horregatik, laguntza horiek osatzeko, beste kopuru bat bideratu ohi du udalak. "Bestela ez litzateke posible izango egoera zaurgarrian dauden pertsonen beharrei erantzutea", esan du. Aurreko urteetan, gastu guztiaren %30-40 inguru ordaindu izan dute Jaurlaritzaren laguntzarekin, eta aurtengoan ere, batez besteko horrekin egin dute aurreikuspena, Goenagak azaldu duenez: "Iaz Jaurlaritzak 130.000 euro inguru jarri zituen, eta aurreikusi dugu aurten zenbateko hori behintzat jasoko dugula. Hori kontuan izanda, uste dugu udalak 360.000 euroko partida jarrita nahikoa izango dela".

Gizarte larrialdiko dirulaguntzen bidez, askotariko gastuak ordaintzen laguntzen zaie herritarrei: ohiko etxebizitzaren alokairua edo mailegua, hornidurak (argindarra, gasa eta ura), osasun eta farmazia gastuak, adin txikikoen eskolaz kanpoko jarduerak edo etxebizitzen bestelako mantenu gastuak (obrak, etxetresna elektrikoak...). Laguntza horiek eskatzeko epea urte guztian izaten da zabalik, eta hiru hilabetero egiten dira ordainketak.

Prezioen igoerak eragina

Egungo testuinguruari erreferentzia egin diote udal ordezkariek, prezioen igoeran arreta jarriz. Elektrizitatearen nahiz gasaren gastuak asko igo direla eta, hornidura horietara bideratutako diru kopurua handitu egin dute, iazko kopuruarekin ez liratekeelako iritsiko "urte osoko gastuak ordaintzera". Goenagak azaldu duenez, energia gastuetara bideratuko duten zenbatekoaren aurreikuspena bikoiztu egin dute aurtengoan.

Era berean, jubilatuei nahiz alarguntasun edo menpekotasun pentsioren bat duten herritarrei ere gizarte larrialdiko dirulaguntzen bidez lagunduko diete, pentsio baxuak baldin badituzte: "Dirulaguntzen bidez, 1.080 euro arteko diru sarrerak bermatuko zaizkie", adierazi du Goenagak.

Goenagaren arabera, 2020an, izurria tarteko, asko igo ziren gizarte larrialdiko dirulaguntzen eskaerak. Iaz, 273 familiak jaso zituzten laguntza horiek, eta guztira, 464.000 euro bideratu zituzten laguntzetara. Gastuaren zatirik handiena ohiko etxebizitzaren mailegua eta alokairua ordaintzera bideratu zuen udalak, eta gero, energia gastuak ordaintzera.

Mundu osoa "krisi" baten aurrean dagoela aipatu du alkateak: "Prezioek izugarrizko gorakada izan dute, krisi energetikoa ere aurrean dugu, eta horrek sekulako eragina dauka herritarrengan nahiz askotariko sektore ekonomikoengan. Horren guztiaren ondorioz, lehendik ere egoera zaurgarrian zeuden herritarrak izan dira kaltetuenak; horien egoera are gehiago larriagotu da". Zailtasun handienak dituztenei laguntzea udal gobernuarentzat "lehentasuna" dela esan du, eta horregatik gizarte larrialdiko dirulaguntzek duten garrantzia nabarmendu du. "Laguntza horien bidez oinarrizko eskubideak bermatzen dira".

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide