Eduki babestua

Guraso Tailerren saio gehiago antolatu ditu Azpeitiko Ikastola Ikasberrik, eta horietan izena emateko epea zabalik dago

Uztarria.eus 2022ko mai. 25a, 14:00

0 eta 1 urte bitarteko haurren masaje ikastaroa eta Lehen Hezkuntzako 3. mailatik 6. mailara artekoen gurasoei zuzendutako pantailen inguruko saioak prestatu ditu Ikasberrik.

Azpeitiko Ikastola Ikasberrik Guraso Tailerrak antolatzen jarraitzen du, eta ekainerako bi ikastaro berri prestatu ditu: batetik, 0 eta 1 urte bitarteko haurren masaje ikastaroa; eta bestetik, Lehen Hezkuntzako 3. mailatik 6. mailara artekoen gurasoei zuzendutako pantailen inguruko saioak.

Haurren masaje ikastaroa bost saiotan egingo dute: ekainaren 2an, 7an, 10ean, 15ean eta 17an, 16:00etatik 18:00etara, eta Nerea Mendizabal adituak gidatuko ditu. Gurasoek beren haurrei masajea emango diete ikastaroan, eta gurasoentzat interesgarriak diren gaiei buruz hitz egiteko tartea ere egongo da: elikadura, loa, motrizitatea, negarra eta abar.

Gai horiek parte hartzaile bakoitzari emango zaion liburuxkaren artikuluen bidez landuko dituzte. Saio horietan parte hartu nahi dutenek 60 euro ordaindu beharko dute, eta honako lotura honetan eman beharko dute izena.

Gazteak eta pantailak

Maiatzean egindako Haurrak eta pantailak tailerren ondoren, beste saio batzuk antolatu ditu Azpeitiko Ikastola Ikasberrik. Miren Ros adituak gidatuko ditu horiek, eta gazteen eta pantailen arteko harremanaz arituko da solasean. "Maiatzean izandako haurren saioari jarraipena emanda, arreta gazteetan jarriko da oraingoan, Lehen Hezkuntzako 3. mailatik 6. mailara artekoetan. Adin tarte horretan badira kezka zehatz batzuk, adibidez, noiz eman sakeleko telefonoa, nola arautu, erabilera egokia nola eman... Adin berezia da, eta gurasoei lagungarriak egingo zaizkien aholkuak emango ditu Rosek", adierazi du Azpeitiko Ikastola Ikasberriko HHko zuzendari Miren Lazkanok.

Bi saio izango dira, ekainaren 3an eta 6an, eta 17:30etik 19:00etara egingo dira, Azpeitiko ikastola Ikasberrin. Saioak adin horretako seme-alabak dituzten Azpeitiko guraso guztiei zuzenduta daude, eta parte hartu nahi dutenek izena emateko aukera dute dagoeneko honako lotura honetan, 30 euro ordainduta.