Bost baserri bide konponduko ditu udalak

Ihintza Elustondo 2022ko mai. 25a, 08:31
(Argazkia: Azpeitiko Udala)

Landa eremuko irisgarritasuna hobetzeko helburuarekin, bost baserri bide konpontzeko lehiaketa publikoa abiatu du udalak. Erakundeak jakinarazi du Sistiagako errepidea konpontzeko lanean ari direla. 

Azpeitiko Udalak hainbat baserri bide konpontzeko diru partida jarri du 2022rako. Aurtengoan, bost baserri bide konpontzeko proiektuak egin ditu, eta lehiaketa publikoa jarri du martxan. Zehazki, honako bide hauek konponduko dituzte: Abitain, Alabier, Urreta eta Etxe-Alai arteko bidea; Oñazko Larrea eta Zabale artekoa; Aitzumarriagagoikoa eta Pagotxeta artekoa; Gerranzuri eta Urrestillako Antxieta artekoa, eta Urrestillako Altzasu eta Bikendi artekoa. Ekainaren 1ean bukatuko da proposamenak aurkezteko epea, eta gehienezko aurrekontua 146.072 eurokoa izango da.

Bide horiek konponduta, landa eremuko bizilagunen "segurtasuna eta irisgarritasuna hobetzea" da udalaren helburua: "Landa eremuari bizirik eustea oso garrantzitsua da udalarentzat. Horregatik, eremu horietako azpiegiturak ondo mantentzeko baliabideak jarri ditugu, baita irisgarritasuna nahiz errepideak hobetzeko ere. Hala, hainbat neurri hartuz, pixkanaka landa eremuko herritarren bizi kalitatean eragitea nahi dugu", adierazi du Josu Labaka Zerbitzu Orokorretako zinegotziak.

Sistiagako errepidean, lanean

Landa eremuko errepideak aipatzean, Azpeitiko Udalak adierazi du Sistiagako errepidea konpontzeko lanean ari dela; izan ere, iazko abenduan lur jausia izan zen Sistiaga errekan, eta hango bizilagunek salatu dute errepidea ez dagoela oraindik erabilgarri. Dena den, erakundeak jakinarazi du "irtenbide konplikatua" duela arazoak. "Errepidea erori zenetik, bertako bizilagun guztiekin harremanetan dago udala. Herritarren segurtasuna bermatzeko, luizia izandako bidea itxita dago ibilgailuentzat zein oinezkoentzat; izan ere, azterketek luizi handiagoa gertatzeko arriskua dagoela adierazten dute, eta bizilagunek badute beste bide bat erabilgarri, Azkoitia aldera doana", azaldu du erakundeak.

Udalak jakinarazi duenez, errepidea konpondu ahal izateko proiektua garatzen ari da erakundea, eta lehen aurreikuspenen arabera, konponketek 600.000 euro inguruko inbertsioa eskatuko dute. Hori horrela, larrialdietarako dirulaguntza eskatzeko bidean dela azaldu du udalak, eta adierazi du alternatiba ezberdinak aztertzen ari direla "obra bideragarriagoa" izan dadin.