Ostirala izango da Ekindarreko bazkide egiteko azken eguna

Julene Frantzesena 2022ko mai. 24a, 13:20
Ekindarren bulegoko irudi bat.

Herritarrek Ekindarren webgunean nahiz bulegoan eskatu ahal izango dute bazkidetzari ekiteko kalkulu pertsonalizatua. Goikokaleko 2. zenbakian kokatuta dagoen bulegoa ostiralera arte egongo da irekita.

Azken asteetan zabalik da Ekindar Azpeitiko energia kooperatibaren bulegoa, azken ehun bazkideak lortzeko xedez, baina bazkidetza kanpaina hasi da bukaerara iristen. Izan ere, Goikokaleko 2. zenbakian kokatuta dagoen bulegoa ostiralera arte egongo da irekita: gaurtik ostiralera 10:00etatik 13:00etara bitartean, eta bihar, asteazkena, 16:00etatik 18:30era ere bai.

Udalak azaldu duenez, bulegoa berriz zabaldu zutenetik hainbat izan dira bazkide egiteko urratsa eman duten herritarrak. Dena den, erakundeak gogorarazi du badela horretarako aukera ostirala bitartean. Hain zuzen, herritarrek Ekindarren webgunean zein bulegoan eska dezakete elektrizitate kontsumoaren araberako kalkulu pertsonalizatua –lehen ekarpenaren zenbatekoa eta bazkidetzak fakturan izango duen eragina kalkulatzen dute–.