Lagun Onak futbol taldeak klubaren eguna ospatuko du larunbatean

Ihintza Elustondo 2022ko mai. 24a, 12:36
2019an egin zuten azkenekoz Lagun Onak eguna.

Goiz partean, txupinazoa, gaztetxoen partidak eta puzgarriak izango dira Garmendipen. Arratsaldean, Lagun Onaken gizonen bigarren taldeak igoera faseko itzulerako partida jokatuko du Zumaian, eta hara joateko autobusa antolatu dute. Gauean, afaria eta sari banaketa egingo dituzte Kiruri jatetxean. 

Lagun Onak futbol taldeak ezin izan du klubaren eguna ospatu azken bi urteotan, baina izurriak eragindako ezohiko egoera gaindituta, ospakizun hori berreskuratuko du aurtengoan. Hain zuzen ere, larunbatean, maiatzak 28, izango da 2022ko Lagun Onak eguna.

Beste urteetako antzeko planteamendua egin du klubak aurtengorako ere. Ohi bezala, futbol eskolako haurren partidak izango dira goiz partean, 09:00etatik 12:00etara bitartean, zelai naturalean zein artifizialean. Gainera, infantil mutilek finalaurrekoetara sailkatu ala ez erabakitzeko neurketa jokatuko dute, 11:00etan, goiko zelaian. Infantil neskek, bestalde, finala jokatu ala ez erabakitzeko partida jokatuko dute, 12:15ean, beheko zelaian.

Futbol partidak 09:00etan hasiko diren arren, 10:00etan botako dute festari hasiera emateko txupinazoa.  Aurtengoan, futbola utzi berri duen Oinatz Elustondo eta Iñaki Leunda zuzendaritzako kidea arduratuko dira suziria botatzeaz. Era berean, 10:00etatik 13:00etara puzgarriak izango dira haurrentzat, zelai naturalaren aurreko tartean.

Aurtengoan, bereizgarri bat ere izango du Lagun Onak egunak. Izan ere, igoera fasea jokatzen ari da Lagun Onaken gizonen bigarren taldea, Zumaiakoren aurka. Joan den astean jokatu zuten joaneko partida etxean, eta 1 eta 0 gailendu zen Lagun Onak. Beraz, abantaila hori patrikan joango dira larunbatean itzulerako partida jokatzera, Zumaiara. Zumaiakoren aurkako kanporaketa irabaziz gero, Gizonezkoen Gorengo Mailatik Gipuzkoako Ohorezko Erregional Mailara igoko da taldea.

Autobusa Zumaiara

Gorengo Mailako taldeak 17:00etan jokatuko du neurketa, eta hara joan nahi dutenei zuzenduta, autobusa antolatu du Lagun Onak futbol klubak. 16:00retan abiatuko da autobusa Garmendipetik, eta neurketa amaitzean itzuliko da. Doakoa izango da autobusa, baina hura hartu nahi dutenek ostiral eguerdira bitartean eman behar dute izena, telefono honetara deituta edo whatsapp mezua idatzita: 609 79 45 20.

Normalean, Lagun Onak eguna girotzeko, elektrotxaranga bat kontratatu ohi du klubak, baina aurten, udalak antolatutako Euskal Herriko I. Elektrotxaranga Lehiaketaren harira, bi saio izango dira: Matraka eta OstiKda taldeenak, hain zuzen ere. 19:00etatik 20:30era plazatik Perez Arregirako ibilbidea egingo du lehen taldeak; eta alderantzizko bidea osatuko du bigarrenak, 20:30etik 22:00etara.

21:00etan, afaria egingo dute klubeko kideek Kiruri jatetxean; 200 lagun inguru elkartuko direla aurreikusi dute. Hara joateko, autobusak abiatuko dira anbulatorioaren aurretik 20:40an, 20:50ean eta 21:00etan. Afalostean, urteko jokalari onenen sari banaketa egingo dute, eta ekitaldia 00:00 alderako amaituko dela aurreikusten dute. Guztia amaitzean, herrigunera itzultzeko autobusak izango dira.