Xanti Agirrezabala: "'Cuerdas' Cannesen aurkeztuko dute; ezin sinetsita bezala nago"

Maialen Etxaniz eta Ihintza Elustondo 2022ko mai. 24a, 09:54

Cannesko zinema jaialdiaren Kritikaren Astean aurkeztuko dute, gaur, aktoreak parte hartu duen film laburra. Muskizko Petronorren lantegia da kontakizunaren ardatza.

Estibaliz Urresola zinemagile arabarrak zuzendutako Cuerdas  film laburrean aktore lanak egin ditu Xanti Agirrezabalak (Azpeitia, 1997), eta lan hori Cannesko (Frantzia) zinema jaialdiko 61. Kritikaren Astean aurkeztuko dute gaur. Agirrezabalak parte hartu duen lan bat halako jaialdi entzutetsu baterako hautatu duten lehen aldia da. 

Zer esan nahi du zuretzat Cuerdas film laburra Cannesko jaialdirako hautatu izanak?

Poz handia sentitu nuen horren berri izan nuenean. Aukerak eta mila ate irekitzen ditu horrelako zerbaitek. Cannesko zinema jaialdia mundu osoan ezaguna da, eta nik parte hartu dudan lan bat halako jaialdi garrantzitsu bateko Kritikaren Astean aurkeztu ahal izatea... Egia esan, hori hala dela ezin sinetsita bezala nago. Horren dimentsioa Azpeititik, neure etxetik, neurtzea oso zaila da. Baina lanarentzako aukera polita izango dela iruditzen zait. 

Nolatan iritsi zara proiektu horren parte izatera?

Estibalizen proposamena jaso nuen; hark esan zidan nire lanak ikusi zituela, eta proba bat egin nahi zidala Marcosen pertsonaia gorpuzteko. Gaur egun, aktoreok etxean grabatzen ditugu castingak, eta lagunekin-eta prestatu nuen proba hori. Etxean grabatutako bideoa bidali nion zuzendariari, eta film laburraren parte izan nedin nahi zuela esan zidan. Horrelaxe sartu nintzen proiektuan.

Zer kontatzen du Cuerdas filmak?

Muskizen (Bizkaia) kokatzen da istorioa. Petronorren lantegi izugarria dago han; sekulako beldurra ematen du. Muskiz Azpeititik oso gertu egonagatik ere, ez nuen inoiz aurrez aurre ikusi lantegia. Herri erdia hartzen du, eta gauean martxan hasten denean, ikara eragiten du. Lantegi horrek herritarrei zer-nolako osasun kalteak eragiten dizkien azaltzen du filmak, eta salatzen du nola den posible legeak halako zerbait onartzea. Aspalditik dago frogatuta enpresa horrek bertako herritarrei nahiz inguruari kalte egiten diela, eta herritarrek borroka egin eta epaiketak irabazi dituzten arren, oraindik ere irekita jarraitzen du oso kaltegarria den lantegiak. Filmak kontatzen duena da diruak eta enpresa handiek nola irabazten duten herritarren aurkako borroka hori. 

91 urteko emakume bat da kontakizuneko protagonista. Zein da bera?

Herriko zenbait emakumek abesbatza batean kantatzen dute, eta hango kide da protagonista. Nola abestu behar duten ikasten ari dira, baina, era berean, beren birikak eta ahotsak izorratzen ari dira Petronorren lantegia dela eta; joko horri egiten dio erreferentzia lanaren izenburuak. Kontakizunean, abesbatzako kideek entseatzen duten lokala utzi behar dute, eta Petronorrek diru kopuru bat eskaintzen die lokal hori uztearen truke. Orduan sortuko da emakume taldearen barruan gatazka: enpresari handien dirua onartu eta makurtu edo beren borrokarekin aurrera jarraitu erabaki beharko dute.

Fikziozko lana izanagatik, errealitatetik asko du, ezta?

Film laburrean, batez ere, Muskizko adineko emakumeek parte hartu dute. Zuzendariaren ikuspegia oso errealista eta naturalista da, eta ia-ia dokumental bat da emaitza. Aktore profesional batzuek ere parte hartu dute filmean, baina protagonista bera, esaterako, 91 urteko emakume bat da, sekula antzerkian aritu ez dena. Naturalismo horrek, emakume horren ekintzarik sinpleenak, txundituta uzten ditu ikusleak. 

Testuinguru horretan, zer rol antzeztu duzu zuk? Nor da Marcos?

Marcosen amona da abesbatzan borrokan ari den adineko emakume hori: Rita. Marcos amonarekin eta aitarekin bizi da, eta aitak urte askoan lan egin zuen Petronorren lantegi handi horretan. Enpresa horretako jabeek diru asko daukaten arren, langile denak azpikontratatu egiten dituzte, eta oso-oso modu prekarioan lan egiten dute behargin guztiek. Marcosen aita oso gaixorik dago, eta medikuek eta abokatuek nola edo hala frogatu nahi dute gaixotasun komun bat daukala. Dena den, nabarmena da gaixotasun hori lanak eragindakoa dela. Era berean, Marcos zahar etxe batean ari da lanean, nahiko modu prekarioan hura ere, eta horren guztiaren erdian, Petronorren lanean hasteko eskaintza jasoko du. Pertsonaia denak gatazkan daude, nolabait. 

Film laburrak Cannesen sariren bat jasoko balu...

Sari denak beti dira ongietorriak. Egia esan, Cuerdas filmak Cannesen parte hartzea bera sekulakoa da. Lan horrek ibilbide oparoa egiteko abiapuntu egokia izan daiteke jaialdia. Hala izatea nahiko nuke.  

Beste proiekturik ba al duzu esku artean?

Bai, beti aritu ohi da nire burua martxan. Batez ere, antzerkian ari naiz orain; Horman Poster konpainiarekin datorren azaroan aurkeztuko dut antzezlan berria. Gainera, Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketek 40 urte beteko dituzte aurten, eta horren harira, asko aurreratu ezin ditudan beste kontu askotan gaude sartuta. Hortxe nabil, gelditu ere egin gabe, ahal den denari eusten. Egia esan, gogotsu nago; saltsan murgilduta ibili ohi naiz beti.