Alejandro Francok irabazi du LI. Urrakiko Igoera

Gomur taldeko espainiarra izan da bizkorrena helmugara lasterketa huruan iritsi den txirrindulari multzoan. Xabier Berasategi (Laboral Kutxa) izan da bigarrena, eta Julen Arriola-Bengoa (Caja Rural) hirugarrena. Berasategik jantzi 23 urtez azpikoen Gipuzkoako txapela, eta Mikel Mujikarentzat (Telcom) izan da Elite mailakoa.

Aurten ere afizionatuen pelotoian izena duen batek irabazi du Urrakin. Alejandro Francok (Gomur) irabazi du Lagun Onak txirrindulari elkarteak antolatzen duen lasterketaren LI. edizioa. Hiru ordu, 24 minutu eta 22 segundo behar izan ditu Valladolideko (Espainia) txirrindulariak lasterketaren 130 kilometroak osatzeko. 20 urte ditu Francok, Urrakin irabazi aurretik aurten bertan Legazpiko (Gipuzkoa) Santikutz eta Durangoko (Bizkaia) klasikoak, eta Bidasoako Itzuliaren etapa bat irabaziak ditu, besteak beste; eta aste honetan bertan jakin da datorren denboraldian profesional mailara jauzia egingo duela, Burgos-BH taldearekin.

Zortzi txirrindulariko multzoa iritsi da lasterketaren buruan Urrakiko gainera, eta azken metro pikoetan Franco izan da bizkorrena. Irabazlearen denbora berean sartu dira igoeraren podiuma osatu duten beste bi txirrindulariak: Xabier Berasategi (Laboral Kutxa) izan da bigarrena, eta Julen Arriola-Bengoa (Caja Rural) hirugarrena.

Gipuzkoako Txapelketak ere jokatu dituzte gaur Urrakin. Berasategi olaberriarra izan da lehen gipuzkoarra eta berak jantzi du 23 urtez azpikoen Gipuzkoako txapela; Elite mailakoa, berriz, Mikel Mujika legazpiarrarentzat izan da. Berasategik, gainera, indartu egin du Euskaldun Torneoaren lidertza; bera zegoen buruan Azpeitiko lasterketaren aurretik, eta Urrakin batutako puntuekin areagotu egin du aldea.

Taldekako saria Caja Ruralek irabazi du –talde horretako hiru txirrindulari zeuden lasterketa buruko zortzikotearen barruan–, eta mendikoa Francok berak lortu du.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide