Jendetza batu du Euskal Herriko I. Elektrotxaranga Txapelketaren bigarren saioak

Nerea Uranga 2022ko mai. 22a, 08:30

AZTE tabernarien elkarteak eta Azpeitiko Udalak antolatutako musika ekitaldiaren bigarren saioa izan zen atzokoa. 3Indarrak eta Game of Txaranga elektrotxarangek parte hartu zuten, herriko plazaren eta Perez Arregi plazaren arteko bidea girotzen. Jendetza batu zuen musika egitasmoak.

Maiatzaren 7an hasi zen Euskal Herriko I. Elektrotxaranga Lehiaketa, AZTE tabernarien elkarteak eta udalak antolatutako egitasmoaren aurreneko saioa izan zen hura, eta atzo izan zen bigarren saioa. Atzokoan Game of Txaranga eta 3Indarrok elektrotxarangen txanda izan zen, eta haiek girotu zuten herriko plazaren eta Perez Arregiren arteko ibilbidea. Jendetza batu zen musikaz gozatzera eta dantzara.

Hirugarren eta azken saioa datorren zapatuan, maiatzaren 28an izango da, eta Matraka eta OstiKda elektrotxarangak ariko dira giroa alaitzen.

Talde guztien emanaldien ondoren, epaimahaiak erabakiko du zein den Euskal Herriko Elektrotxarangen Lehiaketaren lehen edizioaren irabazlea. 6.000 euroko saria jasoko du txapeldunak.