Presoen etxeratzea eskatu dute dozenaka lagunek manifestazioan

Nerea Uranga 2022ko mai. 21a, 20:44

Sare Egunaren barruan manifestazioa egin dute dozenaka lagunek herriko plazatik abiatuta. Espainiako eta Frantziako estatuek presoei ezartzen dizkieten "salbuespenezko neurriak" salatu dituzte mobilizazioan.

Azpeitiko Sarek antolatuta Sare Eguna egin da gaur egun osoz. Askotariko ekitaldiekin osatu dute eguneko egitaraua, festa giroa eta presoen eskubideen eta etxeratzearen eskatzeko aldarriak uztartuz. Arratsaldean, herriko plazatik irtenda, Espainiako eta Frantziako estatuek presoei ezartzen dizkieten "salbuespenezko neurriak salatzeko" manifestazioa egin dute, dozenaka lagunek parte hartuz.

Mobilizazioaren bukaerako ekitaldian, Azpeitiko Sareko bi kidek hartu dute hitza, eta Sare Egunerako antolatutako ekitaldietan parte hartu duten herritarrei eskerrak eman dizkiete: "Eskerrik asko bihotzez egun hau aurrera ateratzen lagundu duzuen guztioi. Hiru urte pasatu dira azkenekoz Sare Eguna antolatu genuela. 2019ko maiatzean egunka herritar atera ginen kalera, ordurako antolatutako ekintzetan parte hartzera. Iaz, berriz, pandemiaren ondorioz ezarritako neurrietara egoki behar izan genuen, eta azken urteetako presoen aldeko egunak gogorarazi genituen iruditeka erraldoi baten bitartez".

Presoekiko "pausoak aurrera" ematen ari direla esan dute Sarekoek, eta "itxaropenerako garaiak" direla: "Urte luze hauetan jarritako aleak badakarki bere lorea". Dena den, lanean jarraitu beharra aldarrikatu dute, "gogoz, ilusioz eta etorkizun hobe bat mugarri jarrita".

Sarek gogoratu du aurreko astean Josu Urbieta herrikideak kartzelatik irten zuela, hamabi urte espetxean igaro ondoren. "Salbuespenezko legedirik ezarri ez balitzaio euskal presoei, Urbietak lehenago behar luke etxean. Albiste onak dira, zalantzarik gabe, baina presoei ezartzen dizkieten salbuespenezko neurriak salatzen jarraitu behar dugu".

Gotzon Aranburu preso azpeitiarraren egoeraren berri ere eman dute manifestazioaren bukaerako ekitaldian Sarekoek. "Duela bi hilabete Dueñasko [Espainia] espetxetik Zaballako espetxera lekualdatu zuten. Presoak Euskal Herriratzeko mugimendu hauek positiboak diren arren, gogorarazi nahi dugu Aranburuk hirugarren graduan egon beharko lukela. Gradu aldaketak presoari baimenak eskuratzea ahalbidetuko lioke, baina kartzelan segitzen du oraindik".

Dispertsioaren "langa gainditzen" ari diren arren, oraindik orain presoei eta senideei ezartzen zaizkien beste hainbat injustizia badirela nabarmendu du Sarek. "Horregatik guztiagak segitu behar dugu lanean, presoen egoera herriratzen eta ekintzak antolatzen. Azken batean, presorik gabeko Azpeitia nahi dugu".