Julen Azpiazuk eta Maite Bikendik irabazi dute Sare Eguneko krosa

Nerea Uranga 2022ko mai. 21a, 13:39

Sare Eguna egiten ari dira gaur Azpeitian, presoen egoera herriratzeko. Eguerdian, V. Sare Kros Herrikoian ehundik gora lagunek parte hartu dute.

Presoen eskubideen eta haiek etxeratzearen aldeko aldarria kalean da Sare Egunean, kirola eta festa uztartuz. Eguerdian, 12:00etan hasita, V. Sare Kros Herrikoia jokatu da. Ehundik gora korrikalarik parte hartu dute, 5,5 kilometroko ibilbidea lasterka eginez. Gizonetan, Julen Azpiazu izan da helmugaratzen aurrena, eta haren atzetik egin dute Jon Odriozolak eta Egoitz Arrutik, hurrenez hurren. Emakumeetan, krosaren ibilbidea osatzen aurrenekoa Maite Bikendi izan da,  bigarrena Amaia San Vicente eta hirugarrena Oihana Arrizabalaga.

Krosak giro ederra sortu du plazan eta Alde Zaharrean. Lasterketako sari banaketaren ondoren, Taberna Ibiltariaren kalejira izan da.

Arratsaldean Sare Eguneko ekitaldiek segida izango dute, hau da egitaraua:

14:30. Bazkaria, Azoka Plazan.

Bazkalostean, Andoni Ollokiegiren kontzertua Azoka Plazan.

17:00. Iago Magoren ikuskizuna udaletxeko arkupeetan.

18:30. Manifestazioa, plazatik abiatuta.

Manifestazioaren ostean, elektrotxarangak Alde Zaharrean.

22:00. Skabidean eta Mafalda taldeen kontzertuak Sanagustin kulturgunean.