Urrestillako sanjoanak 2022

Ekainaren 18an izango da Urrestillako XVIII. San Juan Herri Krosa

Mailo Oiarzabal 2022ko mai. 20a, 15:48
Haurrak lasterketa hasteko zain, 2019ko Urrestillako Herri Krosean.

17:00etatik aurrera, bost lasterketa egingo dituzte guztira; azkena, nagusiena, 18:00etan hasiko da. 18 urtetik gorakoek bihartik aurrera eman dezakete izena Herrikrosa.eus webgunean. Lasterketen egunean bertan, berriz, nahi duten guztiek eman ahalko dute izena Urrestillako plazan, 15:30etik aurrera.

Bi urteko hutsunea eta gero, datorren ekainaren 18an, zapatua, egingo dute berriro San Juan Herri Krosa Urrestillan. XVIII. aldia beteko du aurten Urrestillako Festa Batzordeak San Juan jaien bueltan antolatu ohi duen atletismo probak.

17:00etatik aurrera, bost lasterketa egingo dituzte guztira, adin eta maila ezberdinetako korrikalarientzat; azkena, nagusiena, 18:00etan hasiko da. Hauek dira ekainaren 18ko arratsaldean Urrestillan izango diren lasterketen ordutegia:

  • 17:00. 0 eta 8 urte bitartekoen lasterketa (200 metro).
  • 17:15. Benjaminen (LHko 3. eta 4. mailatakoen) lasterketa (550 metro).
  • 17:30. Alebinen (LHko 5. eta 6. mailatakoen) lasterketa (950 metro).
  • 17:45. Infantilen (DBHko 1. eta 2. mailatakoen) lasterketa (1.190 metro).
  • 18:00.
    • Kadeteen (DBHko 3. eta 4. mailatakoen) lasterketa (2.300 metro).
    • Jubenilen lasterketa (4.500 metro).
    • Seniorren eta beteranoen lasterketa (8.850 metro).

Izen-ematea

18 urtetik gorakoek bihartik aurrera eman dezakete izena Urrestillako kroserako, Herrikrosa.eus webgunean; ekainaren 14an itxiko dute Interneteko izen-ematea.

Lasterketen egunean bertan, berriz, nahi duten guztiek eman ahalko dute izena Urrestillako plazan, 15:30etik aurrera.