Ireki dute udal udalekuetan izena emateko epea

Nerea Uranga 2022ko mai. 20a, 10:40
Udaleku irekietako artxiboko irudia.

Haur Hezkuntzako 2. mailatik Haur Hezkuntzako 6. mailara arteko haurrentzako udaleku irekiak antolatu ditu udalak ekainaren 23tik uztailaren 22ra bitartean. Gaurtik maiatzaren 31ra bitartean eman ahalko da izena.

Azpeitiko Udalak haur eta gaztetxoentzako (HH2tik LH6ra artekoentzako) udaleku irekiak antolatu ditu ekainaren 23tik uztailaren 22ra bitartean, mailaka banatuta. Izena emateko epea gaur zabaldu dute eta maiatzaren 31ra bitartekoa izango da.

Udalekuetan izena emateko bi modu jarri ditu udalak: batetik, online egin daiteke, eta bestetik, Gazte Informazio Bulegoan (Enparan kalea 1-1). Gazte Informazio Bulegoa astelehen, asteazken eta ostiraletan goizez egoten da zabalik, 10:00etatik 12:30era, eta astearteetan eta ostegunetan arratsaldez, 17:00etatik 19:00etara. Hango telefono zenbakiak dira: 943-15 71 61 eta 943-15 71 60.

Udalekuetan online izena eman nahi dutenek, honako loturen bidez egin dezakete:

- HH2. Txipristinak.

- HH3. Udan Txiki.

- HH4 eta 5. Udan Koxkor.

- LH1 eta LH2. Udan Jolas.

- LH3 eta LH4. Udan Mugi.

- LH5 eta LH6. Udan Alai. Egitaraua hemen.

Prezioak eta ordainketa

Udalekuetan izena emateko moduak eta HH2tik LH4ra arteko txanden prezioak hemen kontsulta daitezke. LH5-6ko Udan Alaiko txanden prezioak honakoak dira: lehen astea 37 euro; eta bigarren, hirugarren eta laugarren asteak 35na euro. Kasu horretan, hilabete osoa 130 euro kostatzen da. Familia ugariek %30eko beherapena izango dute udalekuko prezioetan.

Ordainketa Laboral Kutxako Azpeitiko Udalaren ES28 – 3035 0020 51 0200900003 kontu zenbakian egin behar da, kontzeptuan haurraren izen-abizenak zehaztuta. Behin ordainketa egindakoan, ordainagiria gazteria@azpeitia.eus helbidea bidali edota izen-emateko orrian atxikitu beharko da.

Gazteentzako ekintzak

DBH1etik Batxilergo 2ra arteko gazteentzako ere ekintzak antolatu dituela azaldu du udalak, baina horien parte hartzeko izen-ematea aurrerago egingo dute. Azken urteetan egin bezala, aurten ere herriko hainbat eragilerekin elkarlanean antolatuko dituzte ekintzak, eta udalak azaldu duenez, "ahalik eta udaleku inklusiboenak" egingo dira, herritar guztiek parte hartzeko aukera bera izan dezaten.