Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa 2022

Gipuzkoako Herriartekoaren final zortzirenetako itzulerakoa bihar jokatuko du Azpeitiak Izarraitzen

Mailo Oiarzabal 2022ko mai. 19a, 17:26

0 eta 3 nagusitu ziren Ilunpekoak Lasarte-Orian jokatutako joaneko neurketan. 22:00etan hasiko da ostiraleko jaialdia. Aurretik, arratsaldean, Errendimendu Txapelketako partidak ere izango dira. Igandean, berriz, Iurretan ariko dira Azpeitiko pilotariak, Berria Txapelketaren barruan.

Asteburu bete-betea izango dute Ilunpe pilota elkarteko kideek. Bihar, ostirala, eskuzko Gipuzkoako Herriarteko Txapelketaren final zortzirenetako itzulerako partidak jokatuko dituzte 22:00etatik aurrera Izarraitz pilotalekuan. Aurretik, 18:30ean Izarraitzen eta 19:00etan Frontoi Txikian, Errendimendu Txapelketaren partidak jokatuko dituzte gaztetxoek; hain zuzen ere, hiru partida izango dituzte Izarraitzen, eta bi Frontoi Txikian. Eta igandean, asteburua borobiltzeko, Berria Txapelketaren kanporaketa jokatuko du Ilunpek Iurretan (Bizkaia).

Herriartekoan, joanekoan lortutako abantaila baliatzeko eta handitzeko helburuarekin kantxaratuko dira Azpeitiko ordezkariak bihar gauean Izarraitzen. 0 eta 3 irabazi zuten Lasarte-Orian joan den asteburuan, eta tanteoan koltxoi ederrarekin, gainera, hiru partidetan. Final laurdenetarako sailkapena borobiltzea falta zaie, ordea, eta horren bila aterako dira bihar Ilunpekoak. Iker Otaegik eta Oier Larrañagak jokatuko dute kadete mailako partida, Eneko Odriozolak eta Beñat Ezamak jubeniletakoa, eta Iker Egigurenek eta Jakes Elosegik, azkenik, senior mailakoa.

Igandean, Iurretako pilotalekuan, 17:00etan hasiko dira jokatzen Berria Txapelketaren kanporaketako partidak Iurreta eta Azpeitia. Iker Otaegik eta Oier Larrañagak jokatuko dute han ere kadeta mailakoa; jubeniletan, Beñat Labakak eta Urtzi Egigurenek osatuko dute Azpeitiko bikotea; eta seniorretan, Iker Egigurenek eta Haritz Larrañagak.