Eduki babestua: KLINK ekintzailetza

Rakel Benitez: "Bizitzeko modua eta ideia islatu nahi izan ditut Namasté ile-apaindegian"

Uztarria.eus 2022ko mai. 20a, 17:20

Ia 20 urteren ondoren, jaioterrira itzuli da Rakel Benitez. Urte horietan guztietan Madrilen edota Marbellan lortutako esperientzia eta ezagutza, Namasté ile-apaindegian bildu nahi ditu. Orain hiru aste zabaldu zituen ateak Azkoitiko Trino Uria kaleko negozio berriak, baina Benitez "oso gustura" dago orain artean jasotako erantzunarekin.

Rakel Benitezek (Azkoitia, 1984) Namasté ile-apaindegi organikoa zabaldu du Azkoitiko Trino Uria kalean, produktu ekologiko eta naturalen bitartez, bezeroak eta hoien ileak ondo zaintzeko.

Nola izan zen sortze prozesua, hau da, ideiatik enpresa sortu artekoa?

Aspaldiko ideia zen Azkoitian neure ile-apaindegia sortzea, baina arrazoi bategatik edo besteagatik, atzeratzen joan den zerbait izan da. Orain arte. Abenduan hasi nintzen leku baten bila, eta argi nuen nolakoa izan behar zuen: irekia eta argitsua. Bezeroa atetik sartu orduko, lasaitasuna sentitzea nahi nuen, eta lortu dudala uste dut.

Zein oztopori, beldurri, aurre egin behar izan diezu?

Beti duzu kezka ondo joango al den edo ez, eta oraindik ere badut. Gainera, urte asko egin ditut Azkoititik kanpo, eta ez naute lanean ezagutzen. Izapideak aurrera eramatea ere ez da erraza. Gora behera asko izan ditut prozesuan zehar, baina Iraurgi Berritzeneko lantaldearekin jarri nintzen harremanetan eta har nezakeen erabakirik onena hartu nuen: ondoan izan ditut une oro, behar eta beldur guztiei erantzuna ematen. Oso eskertuta nago. Aste gutxi daramatzat, 3 aste, baina denbora horretan bezeroen aldetik jaso dudan erantzuna eta babesa oso ona izan da eta oso gustura nago.

Orain arteko balorazioa, beraz, positiboa da?

Oso positiboa! Oso gustura nago, ea horrela jarraitzen duen. Ni ezagutu gabe jende asko etorri zait ile-apaindegira, eta eskertzekoa da, eta lasaitasun sentsazioa sentitu dutela adierazi dute, beraz, oso oso ondo!

"Mineralak dituzten landareekin egiten dut lana, eta horrek osasunarentzat onura asko ditu, adibidez, buruzaleko arazo asko konpondu daitezke. Azken finean, produktu naturalak dira, eta ez dira hain erasokorrak ilearentzat"

Namasté ile-apaindegi organikoa da. Zer esan nahi du horrek? Eta zergatik erabaki zenuen organikoa izatea?

Bizi garen gizarte honetan produktu sintetiko eta plastiko ugari dago, gehiegi. Neure bizitzan jaki ekologikoen aldeko apustua egin nuen, bizitzeko modu eta ideia hori islatu nahi nuen ile-apaindegian. Gainera, horrelako negozio gutxi daude herrian, eta zerbait berria eta desberdina eskaini nahi nuen. Organikoak zera esan nahi du: plastikorik gabeko gunea, produktu biodegradagarriak, gehigarririk gabekoak, jasangarria… Hau da, mineralak dituzten landareekin egiten dut lana, eta horrek osasunarentzat onura asko ditu, adibidez, buruzaleko arazo asko konpondu daitezke. Azken finean, produktu naturalak dira, eta ez dira hain erasokorrak ilearentzat.

Zeintzuk dira norberarentzako lan egitearen onurak eta desabantailak?

Urte asko eraman ditut besteentzako lan egiten, eta orain, lehenbizikoz, neure negozioa dut. Besteen negozioen ardura eraman izan ditut, eta kasu horietan, lana etxera eramaten den arren, orain are gehiago eramaten duzu. Baina, zure proiektua edo ametsa da.

Zeintzuk dira pertsona ekintzaileak izan edo landu behar dituen gaitasunak?

Formakuntza beharrezkoa dela iruditzen zait. Gainera, egiten duzun hori gustatu behar zaizu, horrek eragingo baitu zure lana gustura eta pasioz egitea. Bezeroekin harremanak izateko, tratuan ere ona izan behar zara.

Zeintzuk dira aurrera begira dituzun erronkak? Zer gustatuko litzaizuke ile-apaindegia bihurtzea?

Lehenbiziko pausoak ematen ari naiz, eta orain, egonkortzea da helburu nagusia, baina, pentsatzen hasita, spa edo ongizate zentro bat izatea gustatuko litzaidake, kontsultak eskaintzea. Ederra izango zen norbere buruaz, eta, batik bat, azalaz zaintzeko lekua izatea Namasté.

Negozio ideia bat baduzu, Iraurgi Berritzenen Klink ekintzailetza egitasmoan aurkituko duzu beharrezko laguntza guztia.