Martxan dira rokodromoa handitzeko obrak

Julene Frantzesena 2022ko mai. 20a, 11:00
Sokaitzeko eta udaleko ordezkari hainbat, egokitzen ari diren eremuan. (Azpeitiko Udala)

Sokaitz elkarteak eta udalak adostu dute eremua handitzea, eskaladan aritzen den herritarren kopurua "asko" hazi delako azken urteetan. Gaur egun rokodromoa dagoen lekuaren –Urola kalea– ondoko udal biltegiaren zati bat baliatuko dute handitze lanak egiteko. 

Sokaitz eskalada taldeak Urola kalean duen rokodromoa handitzeko lanak hasi dituzte. Elkarteak eta udalak adostu dute lanok egitea, lekua handitzeko beharra zutelako; izan ere, eskaladan aritzen den herritarren kopurua "asko" hazi da azken urteetan. Gaur egun rokodromoa dagoen lekuaren ondoko udal biltegiaren zati bat baliatuko dute handitze lanak egiteko, eta hasiberrientzako zein haurrentzako eremuak handituko dituzte.

Obrak bi fasetan gauzatuko dituzte: lehenik eremua egokituko du udalak –horiek dira martxan diren lanak–, eta ondoren, Sokaitzek ezarriko du eremua handitzeko ekipamendua. Lehen faseko obrak Umebide enpresa ari da gauzatzen, eta udalak 132.000 euroko inbertsioa egingo du.